Bihar bukatuko da udal aurrekontuei proposamenak egiteko epea

Aurrez aurreko auzoetako azken aurreko bilera egingo dute bihar arratsaldean Iñurritza eta Mendilautako bizilagunekin.

2023ko udal aurrekontuak lantzeko parte hartze prozesua azken txanpan sartu da, eta herritarrek beraien ekarpenak nahiz proposamenak egiteko azken eguna izango dute bihar, herrian zehar jarri dituzten postontzietan edo online bidez.

Ekarpenak internet bidez egin nahi dutenek partehartu@zarautz.eus posta elektronikoz bidali dezakete edo Zarauzko Udaleko webgunera sartu eta Parte Hartu atalaren bitartez.

Bestalde, auzoz auzoko azken bi bilerak egingo dituzte datozen egunotan: bata, bihar bertan izango da Iñurritza eta Mendilautako bizilagunekin, 18:30ean, Iñurritzako auzo elkartean; eta bigarrena, urriaren 10ean, datorren astelehenean, Alde Zaharreko bizilagunekin, 18:30ean, Portuetxeko udalbatzar aretoan.