Gutuna: Zuhaitzak ez diezagula eragotzi basoa ikustea

Erredakzioa 2022ko urr. 6a, 10:13

Soka luzea ekarri du Nafarroa kaleko ezkien gaiak. Eztabaidari bere ekarpena egin dio Joxean Elola herritarrak, eta gaiari buruzko gutun hau igorri du Zarauzkohitza.eus-era.

Nafarroa kaleko lanen ondorioz moztu behar diren ezkien kontura, eta zuhaitzak atmosfera garbitzeko eragile garrantzitsua direla jakinda, esan behar da 54 ezkiak mozteak ez dakarrela EH Bilduk eta Podemos-Equo Berdeakek aurkeztutako mozioak iradokitzen duen apokalipsia eta ez mozteak ere ez dakarrela planetaren salbazioa.

Horregatik eskatzen dut ikuspegi zabala izatea eta arazoa testuinguruan kokatzea.

Gai hau urriko ohiko osoko bilkuran jorratu zen udaletxean. Bertan adierazi zen mozketa horiek beharrezkoak direla inguruko auzotarren bizi-baldintzak hobetuko dituzten hainbat hodi berritzeko eta, gainera, lurpeko akuiferoak kutsatzen dituzten amiantozko hodi zaharrak kenduko direla. Ezkien ordez eguratseko airea garbitu eta freskotasuna ematen jarraituko duten beste zuhaitz batzuk landatuko dira.

Ildo horretan, azpimarratu zen agintaldi honetan ehunka zuhaitz landatu direla hiri-lurzoruan eta beste ehunka gehiago inguruko lurretan. Gainera, adierazi zen Salberdingo urbanizazio berrian 1.000 zuhaitz baino gehiago landatuko direla, eta horietako batzuk dagoeneko landatu direla.

Plataformak N-634 errepidearen azpian hodiak pasatzeko proposamena bideraezina dela argudiatu zen, izan ere, foru legeak hori egitea debekatu egiten du. Era berean, sustraien azpitik tunela egitearen beste proposamena ere ez zen egoki ikusi, baliabideak neurrigabe erabiltzeaz gain, zuhaitzak eusten dituzten sustraiak kaltetuak izango liratekeelako.

Osoko bilkura horretan, hilero bezala, herritarroi eragiten diguten hamaika gai jorratu ziren (hamar gehi bat), hau da, tiloen gaiaz gain beste hamar aztertu ziren.

Horregatik, iruditzen zait demokratikoki aukeratutako ordezkari politikoak arazoak ikuspegi global batetik konpontzen saiatzen direla: arazoa egoki eta itsutu gabe enfokatuz, eta lana aurrera eramatean honako irizpide ekologista kontuan izan behar dutela: dauden baliabide mugatuak modu arrazional eta proportzionatuan kudeatzea.

Joxean Elola.