Itsaso txarrak duatloi bihurtu du Bikote Mistoen Triatloia

Aritz Mutiozabal 2022ko urr. 8a, 17:15
Hainbat bikote korrikako zatian, malekoian. (Aritz Mutiozabal)

200 bikotek hartu dute parte gaur eguerdian Nik Trik antolatutako Bikote Mistoen I. Triatloi Herrikoian. Parte hartzeari dagokionez, arrakasta itzela izan du gizon adina emakume elkartu dituen kirol ekimenak. Zoritzarrez, ordea, proba ez da bere osotasunean jokatu: itsas baldintza txarrak medio, igeriketako zatia kendu eta duatloia bihurtu dute, nahiz eta hasierako parte hartzaileek igeri egin duten.

Herrikoia, parekidea eta triatloia lehen aldiz probatu nahi zuenarentzat pentsatua. Halaxe zen jokatzeakoa gaur eguerdian lehen aldiz Bikote Mistoen Triatloi Herrikoia Zarautzen, Nik Tri taldeak antolatuta. Hasierako asmoa moilatik hondartzara 350 metro igerian egitea zen; ondoren, Getaria joan-etorria 7 kilometro bizikletaz; eta, amaitzeko, 2,25 kilometro lasterka malekoian, Munoan helmugaratuz. Baina triatloia, gutxi batzuek lortu dute triatloia osatzea. Izan ere, itsasoko baldintzak ez dira aldeko izan gaurkoan, eta erabat aldrebestu du proba duatloi bihurtaraziz.

Izatez, triatloi bezala eman dio antolakuntzak hasiera ekitaldiari, eta txandakako multzotan irten dira bikoteak moila barrutik itsaso zabalera. Jada, moila barruan antzematen zuten korrontearen indarrak nola eusten nahiz eramaten zien, eta behin itsasora ateratzen zirenean olatu handiekin egiten zuten topo. Eskarmentu gutxi dutenak sufritu dute gehien, eta batzuek Gurutze Gorriekoen laguntza behar izan dute. Egoera ona ez zela ikusita eta parte hartzaileen segurtasuna bermatzeko, antolatzaileek igeriketako zatia bertan behera uztea erabaki dute.

Hala, 13:00etan hasita, duatloi formatuan berrekin diote proba herrikoiari, eta beste behin, multzoka atera dira txandaka bizikletekin, Narros jauregiaren ondotik. Errepideko txirrindu profesionalak eta ez horren profesionalak, mendiko bizikletak edota paseko bizikletak berte saski eta guzti ikusi dira irabazlerik eta galtzailerik ez zuen festa honetan. Eta itzulia egin ondoren, Munoan atondutako box eremuan oinetakoak jantzi eta malekoiko luzean abiatu dira denak korrika, irribarrea ezpainetan, balentria lortzeko gutxi falta zitzaien seinale. Esperientziaz gozatu dutenak sentipen oso onak izan dituzte, eta oso gustura agertu dira probarekin.

Erlazionatuak