Hiru gunetan banatuta ospatuko da Kuadrillen Eguna, larunbatean

Aritz Mutiozabal 2022ko urr. 12a, 10:00
Kuadrillen Egunaren aurkezpenan Irune Urbieta eta Onditz Leizaola. (Zarauzko Udala)

Herriko talde eta norbanakoen proposamenak kontuan hartuta osatu du egitaraua Zarauzko Udalak.

Kuadrillen Eguna ospatuko da larunbatean, eta ohiko moduan, herriko kuadrilla guztiak festara irtengo dira izango diren ekitaldiez gozatzera. «Zarauztarrek zarauztarrentzat» antolaturiko jaieguna dela nabarmendu du Irune Urbieta Gazteria zinegotziak. Aurreko urteetan bezala, eguneko egitarauari udalak berak forma eman dion arren, herriko taldeak eta norbanakoak izan dira proposamenak eta erabakiak hartu dituztenak, zinegotziak jakitera eman duenez.

Kuadrilla Eguneko egitaraua adinaren arabera sailkatutako hiru gunetan banatuko dute. Hala, haurren gunea Salbide parkean atonduko dute, nerabeen gunea Lege Zaharren enparantzan, eta Gazteen gunea Musika Plazan.

Ekitaldi azpimarragarrien artean, ez da faltako goitibeheren jaitsiera Vista Alegre auzotik, herriko gazteek eraikitako ibilgailuekin. Horretarako, udalak gazteen eskura jarri ditu horiek muntatzeko tresnak, eta saio praktikoak ere antolatu dira eraikitzen laguntzeko; astean zehar arratsaldero jarraipen tailerrak antolatu dituzte, esaterako.

Eguerdian, kuadrillen arteko paella txapelketa izango da Musika Plazan. Talde bakoitzak bere osagai eta materialak eraman beharko ditu eta 14.30ean aurkeztu beharko dute kozinatutakoa. Bestalde, musikaz gozatzeko hamaika aukera izango da, herriko gune ezberdinetan, Txurru DJa, Fresamorango DJ ibiltaria, Akerbeltz, Ithaka eta Gozategiren emanaldiekin.