Duina ikerketa proiektuaren ondorioak, plazara

Julene Frantzesena 2022ko urr. 24a, 13:00
Hainbat lagun atzoko aurkezpenean, Azpeitiko Azoka Plazan. (Biolur)

Ostegunean aurkeztu zituzten Azpeitiko Azoka Plazan EHUk eta Biolurrek gauzatu duten Duina ikerketa proiektuaren ondorioak. Hainbat lagun izan ziren han, baratze zaintza ekologikoaren ekoizpen kostuen azterketaren nondik norakoak entzuten.

Duina ikerketa proiektuaren aurkezpena egin zuen atzo Biolur nekazaritza ekologikoaren aldeko elkarteak Azoka Plazan. 19:00etarako jarria zuten hitzordua, eta hainbat herritar izan joan zen hara, EHUk eta Biolurrek gauzatu duten eta Kontseiluak, Gipuzkoako Foru Aldundiak nahiz Eusko Jaurlaritzak lagundu duten azterlana eta haren ondorioak ezagutzera.

Baratze zaintza ekologikoaren ekoizpen kostuen azterketa egin dute Duina ikerketan. Hain zuzen ere, ikerketa horren xedeak eta ibilbidea azaldu zituzten atzoko aurkezpenean, eta Mikel Izagirre ekoizle zarauztarrak eta Alize Goffart ekoizle errezildarrak hartu zuten hitza ondoren.

2020ko ekainaren 18an aurkeztu zuten Duina proiektua, eta bi urte iraun du ikerketa prozesuak. Ikerketaren barruan, Gipuzkoako eta Bizkaiko 11 baratze proiekturen azterketa sozioekonomikoa egin dute. Bertan, laboreen ekoizpen kostuak, soldatak, lanorduak, prezio duinak eta, oro har, nekazal proiektuen duintasun ekonomiko eta sozialerako hainbat datutan sakondu dute.

Ikerketari esker, baratze zaintza ekologikoaren ekoizpen kostuen "azterketa integrala eta objektiboa" landu ahal izan dute, eta sortutako ezagutza hori baliatuta, Biolur elkarteak espero du "ekoizleen egonkortasun eta duintasun ekonomiko eta soziala garatzeko urratsak ematea, bai arlo instituzionaletik, baita arlo sozioekonomikotik".