Tren zerbitzua etengo dute datozen egunotan, San Pelaioko tren geralekuko egitura jartzeko

Aritz Mutiozabal 2022ko urr. 26a, 12:15
San Pelaioko tren geralekuko obrak. (Aritz Mutiozabal)

Datorren larunbatetik azaroaren 5era arte moztuko du zirkulazioa Euskal Trenbide Sareak, eta bitarte horretan autobus bidez eskainiko du zerbitzua.

Urriaren 29tik azaroaren 5era bitartean, ETS Euskal Trenbide Sareak trenbideko zirkulazioa moztu egingo du Zarautzen, erakunde publikoak San Pelaioko tren geraleku berria eraikitzeko obrak direla medio. Edonola ere, Euskotrenek eskaintzen dituen ohiko zerbitzuak ez dira etengo, eta erabiltzaileek bermatuta izango dute mugikortasuna egun horietan, egoerarako jarriko dituzten autobusen bitartez.

Ondorioz, Donostiarantz doazen bidaiariek Zarauzko behin-behineko geltokian egin beharko dute garraio aldaketa: Donostiako Amara geltokiraino iritsiko dira autobusez, eta honek tarteko geltoki guztietan geraldiak egingo ditu; horien artean, Aia-Orion ere bai. Bueltakoan, Bilboranzko norabidean, Amaratik Aia-Orioko geralekura arte trenez egingo dute bidaia erabiltzaileek, eta bertan garraio aldaketa egin  eta autobusa hartu beharko dute Eibarrera joateko.

Geltokiaren egitura

Aurrefabrikaturiko hormigoizko pieza handi batzuk jarriko dituzte egunotan, eta horrek eragingo ditu aldaketak garraiobide publikoan. Aipatu piezak eraikiko den geltokiaren egituraren eta hegoaldeko trenbide-azpiegituraren iragazkortasuna ahalbidetzen duen azpiko pasabidearen parte dira. Horiek jarri ondoren, trenbideak altxaera-trazadura berrian birjarri eta zerbitzua berrezarri ahal izango du. 

Geltoki berriak 100 metro koadroko ataria izango du, eta beheko pasabidetik sartuko da bertara. Atariaren zabalera bikoiztu egingo da –sei metro izango ditu–, eta galiboa hiru metroko altuerara handituko da. Bertan, txartelak saltzeko makinak, bezeroari informazioa eta arreta emateko erakusmahaia eta gela teknikoa egongo da. Ataritik nasara eskaileretatik edo igogailu baten bitartez sartuko ahal izango da. 80 metroko luzera eta 3,5 metroko zabalera izango ditu San Pelaio geralekuko nasak. Era berean, 28 metro luzeko markesina izango du. Lanek trenbide bat eta nasa bat eraikitzea aurreikusten dute, baina ETSk aditzera eman duenez, bigarren trenbide baterako eta beste nasa baterako nahikoa leku utziko dute.

San Pelaiokoarekin batera, Zarauzko geltoki nagusi berria eraikitzeko obrak egiten ari dira aldi berean. Une honetan, geltoki zaharra eraitsi eta behin-behineko geltokia martxan jarri ondoren, zutoin-oholez egindako esparru iragazgaitz bat eraikitzen ari dira, etorkizuneko geltokiko zutabeen zimenduak, hondeaketa lanak eta pentzeak gauzatu ahal izateko.