Salbatore Mitxelena ikastolako ikasleak saritu dituzte Arnasetik bideosormen lehiaketan

Mailo Oiarzabal 2022ko urr. 31a, 11:45
Arnasetik lehiaketan saritutako guztiak eta antolatzaileak, sari banaketa ekitaldian. (Arnasa Gara)

Arnasa Gara egitasmoaren barruan, arnasguneetako gaztetxoen euskarazko sormena lantzea eta arnasguneetako nerabeei hizkuntza ohituren inguruan gogoeta eragitea izan dira lehiaketaren helburuak. DBH3 eta 4ko kategorian saritu dituzte Zarauzko ikasleak.

Ostiral arratsaldean banatu zituzten Amasa-Villabonan (Gipuzkoa) Arnasetik bideosormen lehiaketaren sariak, eta horietako bi eskualdeko ikasleentzat izan dira.

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (Uema), Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak bultzatutako Arnasa Gara egitasmoaren barruan antolatu dute lehiaketa, euskararen arnasguneetako gaztetxoen euskarazko sormena lantzeko eta arnasgune horietako nerabeei hizkuntza ohituren inguruan gogoeta eragiteko helburuarekin. Arnasgune diren udalerrietako 10 eta 16 urte arteko gaztetxoek izan dute lehiaketan parte hartzeko aukera, adinaren araberako hiru kategoriatan banatuta. Guztira, 99 sormen lan aurkeztu dituzte lehiaketara, horietatik hamabi –kategoria bakoitzeko lau– hautatu zituen epaimahaiak finalerako, eta lau sari banatu zituzten joan den ostiraleko ekitaldian: lehiaketako hiru kategoria edo maila bakoitzeko sari bat, eta ikusleen saria.

Salbatore Mitxelena ikastolako ikasleak DBH 3 eta 4ko kategorian saritu zituzten Sormen tailerra 2 lanagatik. Saridun guztiek sari bera jaso dute Arnasetik lehiaketan: 500 euro, Irrisarri Land-erako sarreretan, Durangoko Azokako denda birtualean edota EITBko Goazen! eta Irabazi arte! telesailen merchandising-ean gastatzeko.

Hauxe da Salbatore Mitxelena ikastolako ikasleek aurkeztu zuten lana: