Joxe Mari Korta saria jasoko du Ana Belen Juaristik

Julene Frantzesena 2022ko urr. 31a, 12:52
Ana Belen Juaristi.

Engranajes Juaristi enpresako zuzendari kudeatzaile zarauztarrak azaroaren 22an jasoko du saria, Gasteizen egingo den ekitaldian. Eusko Jaurlaritzak banatzen ditu sariok, eta epaimahaiak Juaristik enpresa munduarekin izan duen konpromisoa nabarmendu du. Askotariko enpresa erakundeetan karguak izana da, baita irabazi asmorik gabeko elkarte batzuetan ere.

Eusko Jaurlaritzak gaur jakinarazi ditu aurtengo Joxe Mari Korta sarien garaileen izenak. Aurtengoan lau sari banatuko ditu erakundeak, eta horietako bat Zarauzko emakume batek jasoko du: Ana Belen Juaristi Engranajes Juaristi enpresako zuzendari kudeatzaileak. Gainerako hiru sariak, berriz, Maritxu Errazkin Aldalur Anaiak autobus enpresaren sortzaile azkoitiarrarentzat, Gonzalo Anton Izadi upategiaren sortzaile arabarrarentzat eta Faes Farmaren presidente Mariano Ucar bizkaitarrarentzat izango dira.

Juaristi, berriz, administrazio lanetan hasi zen Engranajes Juaristi enpresan, eta handik hamahiru urtera, zuzendari kudeatzaile postua hartu zuen; gaur egun ere horretan aritzen da. Juaristik enpresa munduarekin izan duen konpromisoa nabarmendu du Joxe Mari Korta sarien epaimahaiak; izan ere, 2000. urtean Gipuzkoako Bazkundeko batzordean sartu zen, 2008tik 2015era Adegiko eta Cofebaskeko presidenteordea izan zen, eta gainera, irabazi asmorik gabeko Ori-Zautz Rwandaren alde elkarteko presidente, Emausen gizarte kontseiluko kide eta ZarautzOn batzordeko kide izana da. Gaur egun, Emauseko gizarte kontseiluko kidea da, eta Aubixa fundazioaren presidenteordea ere bai. Juaristik Gipuzkoako Emakume Enpresaburuaren saria jaso zuen 2016an.

Ekonomiaren Garapeneko sailburu Arantxa Tapia buru zuen epaimahaiak saritutako pertsonek lanpostuak eta aberastasuna sortzeko gaitasuna izan dituztela azpimarratu du, baita haien "ezaugarriak" eta horiek eginiko "esfortzua" ere. Bizitzako edo enpresa ibilbidean nabarmendutako enpresaburuei ematen dizkiete sari horiek 2000. urteaz geroztik, ETAk Adegiko presidente zen Korta hil zuenetik. Azaroaren 22an izango da sari banaketa ekitaldia Gasteizen, eta ekitaldiaren buru Iñigo Urkullu lehendakaria izango da.