Bertakoak kulturarteko ekimenak erantzun itzela izan du

Aritz Mutiozabal 2022ko aza. 5a, 17:00

Bi urteko etenaren ondoren, indartsu bezain gogotsu itzuli da Bertakoak kulturarteko ekimena. Udaleko Immigrazio sailak antolatzen du herriko gastronomia elkarteekin lankidetzan, eta parte hartze itzela izan dute gaur ospatu dituzten bazkariek. Giro ona izan da nagusi ororen gainetik.

Gastronomia aitzakia hartuta, jatorri ezberdinetako zarauztarrak mahaiaren bueltan elkartzea eta integrazioa bultzatzea du helburu egitasmoak. Aurtengo edizioan hamar elkartek eta hamar herrialdek hartuko dute parte; hasieran 11 ziren, baina azken uneko gorabehera bat tarteko, Batzokian (Maroko) egitekoa zena bertan behera geratu da.

Gainerako otorduak primeran atera dira, eta tokian tokiko jaki tradizionalak dastatzeko aukera ezin hobea izan dute: Alkartasuna elkartean Guatemala, Arranon Ekuador, Cachi Bachin Nikaragua, Ezkertoki elkartean Paraguai, Francisco Zurbaran elkartean Kuba, Galeperran Mexiko, Gure Kabian Euskal Herria, Itxas-Mendi elkartean Senegal, Iñurritza Jubilatu eta Pentsionisten elkartean Honduras eta Kurpil elkartean Sahara.