Trenbidearen lurperatzea etorkizunerako uztea erabaki dute udalak eta Garraio sailak

Jabi Gonzalez Toston 2022ko aza. 9a, 13:20

Plana ahalbidetuko duen "hirigintza- eta ekonomia-egokitzapena" aurkitu behar dela diote bi erakundeek, eta oraingoz tren geltokiko eta San Pelaioko geralekuko obrak lehenetsi dituzte.

Eusko Jaurlaritzako Garraio sailak eta Zarauzko Udalak erabaki dute herrian trenbidea lurperatzeko planari etorkizunean heltzea, "ahalbidetuko duen hirigintza- eta ekonomia-egokitzapena" aurkitutakoan. Joan den astean elkartu ziren Xabier Txurruka alkatea eta Pedro Marco Azpiegitura eta Garraio sailburuordea Euskal Trenbide Sarearen (ETS) Bilboko egoitzan lurperatzearen plana aztertzeko eta adostu zuten tren geltoki nagusi eta San Pelaioko geraleku berriak eraikitzeko, bide-orriari eustea.

Horrez gain, trenbideko aparatuak berrituko dituzte eta Zarautz eta Donostia arteko tren maiztasuna 15 minutura handitu Aginagako mozketa berrabiarazita eta tren-unitate gehiago jarrita.

Trena lurperatzeko aferari lotuta, prozesuaren geldialdi luzearekin kezkatuta herriko zenbait bizilagunek maiatzean abiatu zuten Trenbidea Lurperatzearen Aldeko Plataforma, eta orduz geroztik ekintza ugari egin dituzte euren jardunaren zein helburuen berri emateko. Halaber, lurperatzean inplikatutako eragileekin (ETSko arduradunekin, alderdietako ordezkariekin...) bilerak eta azalpenak eskatu dituzte.

Bada, Jaurlaritzak eta Zarauzko Udalak diote trenbidea lurperatzeko proiektuari ekiteko, lehenik eta behin hirigintzara egokitzeko prozesua amaitu beharra dagoela hiri-integrazioko obra delako. Zentzu horretan, gogoratu dute hasita dagoela egokitze prozesu hori Iritako Plan Orokorraren aldaketa puntualerako udal proposamenaren bidez, baita aldi bereko finantzaketa nahikoa bilatzeko ere.