Aberria atzean utzi behar izan duten palestinarrek dituzten zailtasunak ikustarazteko erakusketa eta hitzaldia antolatu ditu UNRWAk (Ekialde Hurbileko Palestinar Iheslariei Laguntzeko Nazio Batuen Agentzia) datorren asterako udalarekin elkarlanean.
Macarena Arrieta UNRWAren Euskadiko koordinatzailearen hitzetan "hezkuntza kritikoa" lantzea da erakundearen helburuetako bat eta bide horretan antolatu dituzte aipaturiko bi jarduerak: "Alde batetik, Palestinan gertatzen ari dena ezagutarazi nahi diogu jendeari eta bestetik, gurera iristen diren errefuxiatuek gizartean integratzeko dituzten zailtasunak erakutsi; zeren, baztertuak sentitzen dira sarri erlijio eta kultura desberdinak dituztelako. Horrekin, herritarrak bultzatu nahi ditugu egoera horiek aldatzeko euren esku dagoena egin dezaten".
Sentsibilizazioa lantzeaz gain, laguntza humanitarioa ere eskaintzen du UNRWAk Palestinako lurralde okupatuetan. Bada, Zarauzko Udalak horretan ere lagunduko duela iragarri du Patxi Elola Lankidetza zinegotziak: "8.000 euroko diru laguntza bideratu dugu Libanon dauden errefuxiatu palestinarren bizi baldintzak hobetzeko".
Erakusketa Merkatu plazan
Korapiloak askatu. Elkartasun hariak Palestinara deitu dute erakusketa eta interaktiboa izango da; izan ere, tabletak, errealitate birtualeko betaurrekoak eta bestelako euskarri bisualak kokatuko dituzte Merkatu plazan. Asteartetik igandera arte, azaroaren 15etik 20ra, egongo da ikusgai 17:00etatik 20:00etara eta larunbatean eta igandean 12:00etatik 14:00etara ere bai.
Antolatzaileek azaldu dutenez, hiru zati izango ditu erakusketak: lehenengoa, Euskal Herrira iritsi diren palestinarrekiko herritarrek dituzten aurreiritziei buruzkoa; bigarrengoa, Palestina bertako egunerokoa; eta hirugarrengoa, azkenik, erakusketaren aurreko bi zatietan aurkeztutako egoerei aurre nola egin daitekeen erakutsi asmo duena.
Solasaldia Xabier Aierdirekin
Hitzaldia, berriz, Estereotipoak eta zurrumurruak apurtuz: begirada Palestinan izendatu dute eta Xabier Aierdi soziologoak emango du Antoniano ikastetxean gaur zortzi, asteazkena, azaroak 16, 18:00etan hasita.
Bertan, erlijio musulmanekoak diren palestinarrekiko euskal herritarrek dituzten aurreiritzi eta estereotipoetan are gehiago sakonduko du Aierdik, eta azalduko du zein den gutxiespen jarrera horien jatorria. Horrez gain, Zurrumurruen Aurkako Sarea ere izango du hizpide soziologoak, hainbat elkartek osatzen dute sare hori eta izenetik ondorioztatu daitekeen bezala, zurrumurruekin apurtzea du xede.