Bi iruzur kasu izan direla ohartarazi du Udaltzaingoak

Jabi Gonzalez Toston 2022ko aza. 10a, 11:30

Ostalaritza edo merkataritza establezimenduetan atzeman dituzte eta ez dute baztertzen gaizkileek norbanakoen etxeetara ere jotzea. Horregatik, hainbat gomendio egin dizkiete herritarrei.

Zarauzko Udaltzaingoak jakinarazi du azken egunetan bi iruzur kasu atzeman dituztela herriko ostalaritza eta merkataritza establezimenduetan, baina gaizkileen jarduteko modua aintzat hartuta ohartarazi dute etxebizitzetara ere jo dezaketela.

Orain arteko iruzurrak egiteko banatzaile plantak egin ditu gaizkileak, ostalaritza edo merkataritza establezimendu harremanetan jarri da telefonoz inguruko bizilagun bati eraman beharreko paketea bertan uzteko baimena eskatzeko. Hori eginda, establezimendura jo du ustezko banatzailea paketea uzteko, baina horretarako ordaindu egin behar duela adierazi dio ostalari edo dendariari, argudiatuz, erosleak ez duela aurrez ordaindu. Gainera, iruzurra sinesgarriagoa egiteko zakarrontzitik berreskuratutako benetako paketeak erabili dituztela zehaztu dute udaltzainek.

Hori horrela, hainbat gomendio egin dizkie Udaltzaingoak herritarrei: batetik, ordainketarik ez egitea banatzaileei; eta bestetik, Internet bidez erosketa egin ondoren, etxera iritsitako paketean ageri diren datuak ezabatzea bilgarria zakarretara bota aurretik.