"Euskaraldiaren atarian, astebetez ikus-entzunezkoak euskaraz kontsumitzera animatu nahi ditugu herritarrak"

Onintza Lete Arrieta 2022ko aza. 11a, 11:00

Gaur, ostirala, hasiko da Pantailaldia egitasmoa, eta hurrengo ostiralean amaituko da, hilaren 18an; hain zuzen, Euskaraldia hasiko den egun berean. Pantailak Euskaraz mugimenduak antolatu du, ehundik gora herritarrek eman du izena, tartean mugimendu horretako kide Ioritz Gonzalez azkoitiarrak. "Egunero telebistan edo Interneten ikusitako eduki baten inguruan idatziko dut, eta hori sareetan partekatu", azaldu du.

Euskaraldiak milaka herritar jarriko ditu hamabost egunez modu kontzientean euskaraz hitz egiten eta euskaraz entzuten. Azaroaren 18tik abenduaren 2ra izango da hori. Bada, aurten, Pantailaldia izeneko egitasmoa sortu du Pantailak Euskaraz mugimenduak. Xedea da astebetez ehunka pertsonek modu kontzientean egunero euskaraz kontsumitzea ikus-entzunezkoak, izan telebistan zein pantailen bidez.

Euskaraldiaren atarian egingo dute ariketa berri hori: gaur, ostirala, hasi eta azaroaren 18ra arte. Edonork har dezake parte, baina izena ematen dutenei, antolatzaileek hainbat informazio eta proposamen bidaliko dizkiete zuzenean. Gainera, kontsumitu duten edukiaren inguruko esperientziak nahiz datuak partekatzera animatuko dituzte, sareetan Pantailaldiaren traola erabilita. Hala, ikusgarritasuna eta zabalkundea eman nahi zaio egitasmoari.

Ehundik gora lagunek eman dute izena jada, eta horietako bat da Ioritz Gonzalez azkoitiarra. Bera ez da partaide soila izango, Gipuzkoako erreferentziazko boluntarioa baizik. Pantailak Euskaraz elkarteko kidea ere bada, eta konpromisoa hartu du egunero-egunero argitaratzeko kontsumitu duen eduki bati edo biri buruzko iruzkinen bat. "Euskaraldiarekin lotuta, helburua da ahal den heinean, astebetez, kontsumitzen den guztia euskaraz izatea, eta aldi berean, esperientzia hori partekatzea. Batetik, zer eduki mota dauden jakin dezan jendeak, eta bestetik, kontsumitzaile horrek izan dituen zailtasunak azaltzeko, edo zer gustatu zaion kontatzeko… Bakoitzak nahi duena aportatuko du". Gonzalezek azpimarratu du Pantailaldiarekin "agerian utzi" nahi dela guztia: "Bai dagoena, bai ez dagoena".

Ioritz Gonzalez azkoitiarra, Pantailak Euskaraz mugimenduko kidea eta Pantailaldiako boluntarioa. (Maxixatzen)

Euskal Herriko lurralde guztietan egongo da Gonzalezena bezalako figura bat –Iparraldean izan ezik, han bakarra egongo da hiru lurraldeetarako–.

Fokua gazteengan jarrita

Pantailak Euskaraz mugimenduak denbora darama euskarazko ikus-entzunezkoei buruzko datuak eta informazioa lantzen eta hausnartzen, eta bereziki gazteengan du jarrita fokua. "Ikusten dugu pantailek garrantzia handia dutela beren egunerokoan, eta euskarazko ikus-entzunezkoen gabezia handia dagoela hor", azaldu du Gonzalezek. "Kanpoko hizkuntza arrotzetan kontsumitzen dute, eta garrantzia berezia ematen diogu horregatik".

Gonzalezek berak bi seme-alaba ditu, eta horregatik, aurreratu du Pantailaldian gaztetxoentzako edukiak ere kontsumituko dituela, eta horiei buruzko argitalpenak egingo dituela ostiraletik aurrera. "Ez naiz eduki horietara mugatuko, hala ere; ikuspegi zabala eskaintzea da nire asmoa", zehaztu du.

Hain justu, Pantailaldiaz elkarrizketa egin berri diote Gonzalezi Goiena telebistan. Hemen bideoa:

Proposamenak eta izen-emateak

Herritarrei erraztasunak emateko, antolatzaileek egunero egingo dituzte proposamenak, eta Pantailakeuskaraz.eus webgunean ere badago euskarazko produktuen katalogo bat. Izena ematen dutenei, gainera, zuzenean bidaliko dizkiete proposamenak eta informazioa.

Izena eman nahi duenak hemen du aukera.

Bestalde, Pantailak Euskaraz mugimenduak eginak dituen aldarrikapen zehatzak ikusi nahi izanez gero, hemen dago beren manifestuaren esteka.