Urte hasieran hasiko dira eraikitzen alokairuko zuzkidura-bizitokiak Salberdinen

Aritz Mutiozabal 2022ko aza. 12a, 09:00

60 bizitoki izango dira guztira, eta obra egiteaz Amenabar enpresa arduratuko da, 7,57 milioi euroko aurrekontuarekin.

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak jakinarazi du urte hasieran hasiko direla alokairuko zuzkidura-bizitokiak eraikitzen Salberdin eremuan. Amenabar enpresari esleitu dizkiote obrak egitearen ardura, 7,57 milioi euroren truke (BEZa barne), eta guztira, 60 apartamentu izango dira. Horietatik 19k bi logela izango dituzte, 41ek logela bat, eta hiru apartamentu mugikortasun urriko pertsonentzat egokituta egongo dira. Eraikinak A energia-kalifikazioa izango du (aurreratuena), aerotermia-ponpak erabiliko ditu eta kontsumo nulukoa izango da.

Eraikin honetako 50 apartamentu inguru Etxebiden izena emanda dauden herritarrei esleituko zaizkie lehentasunez. Pertsona esleipendunek gehienez bost urtez biziko dira bertan, txandakakoak direlako, eta bizikidetza-unitateen diru-sarreren % 30 gainditzen ez duen kanon bat ordainduko dute. Bizitoki horiek udalerriko gazteen etxebizitza premiei erantzun nahi die, eta herrian estreinakoz martxan jarriko duten formula bat izango da "belaunaldi berrien emantzipazioa bultzatzeko". 

Bestalde, Gipuzkoako Etxebizitza Ordezkaritzak aste honetan bertan eman die behin betiko kalifikazioa Salberdingo sustapen pribatuko 120 BOEri; eraikin horri AZBak atxikiko zaizkio, eta horiekin soto komun baten bidez konektatuta egongo da. Administrazio-urrats horri esker, 2018an zozketa bidez etxebizitza horien esleipendun izan zirenek eskriturak sinatu ahal izango dituzte datozen asteetan, eta epe laburrean dagozkien etxebizitzak eskuratu ahal izango dituzte.

Era berean, Visesa aurrera egiten ari da alokairu-erregimeneko 91 babes ofizialeko etxebizitza eraikitzeko aurretiazko lanetan. Proiektu hori idazten ari direla jakitera eman dute.