Egañak askotariko piezak bildu ditu Torre Luzeako erakusketan. Batetik, marrazkiak: marrazki digitala, serigrafiak eta grabatuak. Eta, bestetik, eskulturak, zeramikaz egindako eskulturak. Azken horiek beste material batzuk konbinatzen ditu, hala nola burdina, soka, zementua edo eskaiola. Egañak azaldutakoaren arabera, pieza kontzeptual eta garaikideak ikus daitezkeen arren, dekorazio piezak ere badaude: botilak, pitxer pintatuak edota zeramika tradizionala.
Marrazki gehienak duela bost edo sei urte sorturikoak dira, eta zeramikazko piezak, berriz, 2019tik 2021 urte arterakoak. EHUren Zeramika masterraren azken lanari eskainia dago erakusketaren zati garrantzitsu bat, hain zuzen.
Egaña "berriz konektatzeaz" aritu da artelan horiekin. Naturarekin, besteekin eta, batez ere, norberak bere buruarekin duen lotura galdua izan ditu eskulturara eta marrazkietara eramateko gaiak. Izan ere, autoezagutza, arbasoak edota sustraiak dira Egañak jorratzen dituen gaietako batzuk. Lan berrietan, berriz, burdina oxidatuaren eta zeramikaren arteko erlazioa aztertu du. Artelan ia guztiak lehenbizikoz izango dira jendaurrean.
Zeramika etengabe lantzen du; aldizka marrazkia: "Desberdinak dira. Askotan, zeramikarekin marraztu dituzun ideiak gauzatzen ditut, hau da, gero zeramikan ekoizten ditudan zirriborroak egiten ditut. Baina esan diezazuket zeramika aurkitu nuenetik etengabe landu dudala, eta hori, adibidez, ez zait gertatu marrazkiarekin. Denboraldi luzeak pasatzen ditut marraztu gabe".
"Nire zati bat"
Buztina material erabilerraza da Egañaren ustez, oso eskertua, eta horrek lotura emozional handia ezartzen duela irizten dio, hainbesteraino non batzuetan kostatu egiten baitzaio buztina alde batera uztea. "Nire zati bat da", dio.
Sortzen duen bitartean, gainera, erlaxatu egiten da: "Prozesuak komunikazio ezin hobean mantentzen ditu zure burua eta eskuak, zeregin bakar batean kontzentratuta. Sortzen duzun bitartean musika pixka bat jartzen baduzu gainean, eguneko unerik onena da".
Torre Luzean jarritako erakusketa izan da azken asteotan esku artean izan duen proiekturik potoloena. Baina baditu beste batzuk ere: "Potto Pottery artisau produktuen marka dut, eta noizbait martxan jarri nahi dut. Ez dut egin denbora faltagatik. Zeramikarekin lan egiten duten euskal artisten arteko proiektu pertsonala da, eta online erakusleiho bat jartzea da ideia, norberak bere piezak erakutsi eta saltzeko". Epe luzeagoan kokatzen du proiektu hori Egañak, baina ziur da iritsiko dela.
Bestalde, haren lana jasotzeko prest legoken galeriaren bat aurkitu nahiko luke. "Gai korapilatsua da, ez baitirudi ateak jo behar dituzunik hori proposatzeko. Erakusketa hau ikustera gonbidatu nahi nituzke", luzatu die gonbidapena Egañak.