Indarkeriaren eta terrorismoaren biktima guztiak gogoratu eta aitortu dituzte

Maria Maya Manterola 2022ko aza. 13a, 15:00

Azaroaren 10ean izan zen Memoriaren Eguna, eta horren harira, ekitaldia egin du gaur Zarauzko Udalak Arrosategi parkean. Udala osatzen duten udal talde guztien ordezkariak elkartu dira bertan herritarrekin. 

Xabier Txurruka alkateak hartu du hitza ekitaldiaren hasieran, eta azaldu du indarkeriaren eta terrorismoaren biktima guztiak gogoratu eta aitortzeko elkartu direla. "Ezin ditugu ahaztu. Gutako bakoitza biktimak ahaztu ezin dituen gizarte baten parte gara, eta gizarte honen ordezkari garenok erantzukizuna dugu gertatutakoa ahaztu ez dadin", azaldu du.

Txurrukak nabarmendu du biktimak, herritarrak eta udala osatzen duten udal talde guztiak elkartu direla ekitaldi horretan, "espazio berean eta helburu berarekin": "Bizikidetza eta elkarbizitza indartu, motibazio politikoaren biktima guztiei gure elkartasuna helarazi eta egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko helburuekin elkarlana bultzatzeko". Jarraian, Gloria Vazquezek hitzartze bera egin du gaztelaniaz.

Memoriaren ekitaldian oroimenerako, hausnarketarako eta biktimen sentimendu eta bizipenetara gerturatzeko bost minutuko isilunea egin dute, eta gero, lore eskaintza egin dute. Jarraian, udal ordezkariek nahiz herritarrek memoriaren liburuan idazteko aukera izan dute.