Euskal hiriburu gehienak eta Vigo, Madril edota Bartzelona Gabonetan argiztatzen dituen Iluminaciones Ximenez enpresa andaluziarrak irabazi du aurtengo udal lehiaketa publikoa. Ia 50.000 eurokoa aurrekontua esleitu dio udalak eta dagoeneko abiatu dituzte argiak jartzeko lanak. Pasa den astean kableatuarekin aritu ziren eta bart hasi dira apaingarriekin. 22:00tatik 7:00etara arituko dira ostegunera bitartean trafikoan ahalik eta gutxien eragiteko.
Udalak zehaztu du kontsumo baxuko LED bonbillak soilik jarriko dituztela energia kontsumoa jaisteko eta ohikoa baino astebete beranduago piztuko dituztela. Momentuko egoerara egokitzeko neurria Ixidor Larrañaga Turismo eta Merkataritza zinegotziaren hiztetan: “Bizi dugun krisi energetiko honen aurrean, Gabonetako argien pizte ekitaldia astebete atzeratzea erabaki dugu, bai eta egunero piztuta egongo diren denbora ordu erdian murriztea”. Gauzak horrela, 18:00etatik 20:00etara piztuko dituzte Gabonetako argiak egunero, abenduaren 3tik errege egunera, urtarrilaren 6ra, bitartean.