Azaroaren 25a

Gutuna: Badator berriz

Erredakzioa 2022ko aza. 15a, 16:25
Urola Kostako Itaiako kide Sara Martinez eta Olatz Sarasua. (utzitakoa)

Urola Kostako Itaia-Emakumeon antolakunde sozialistako kide Sara Martinezek eta Olatz Sarasuak ondorengo gutuna helarazi dute Zarauzko Hitzara, Azaroaren 25aren harira.

Badator berriz. Azaroaren 25a, indarkeria matxistaren aurkako eguna. Hasi dira jada toki guztietan hortaz hitz egiten. Denetik egingo da: omenaldiak; ekitaldiak; hitzaldiak; aurkezpenak; planak; adierazpenak.

Eta batek pentsa lezake, azkenean, 2022an, gauzak aldatzen ari direla; azkenean, jendeak posizio argia adierazten duela indarkeria matxistaren aurrean; duela urte batzuk ez zela honetaz hitz egiten; hau salatzen zutenak erotzat hartzen zirela; inork ez zuela gaia serio hartzen. Indarkeria matxistaren auzia ikusarazteko lan handia egin dela nabari dezakegu, eta, gaur egun, jendeak behar den garrantzia ematen diola auziari. Eta lasai egingo dugu lo, jakinda denok gaudela indarkeria matxistaren aurka eta, beraz, arazoari konponbidea ematen ari garela; ia dena egina dagoela, eta gutxi falta dela indarkeria matxistarik gabeko egunetan esnatzeko.

Baina aurreko astean 27 urteko gizonezkoak adingabeak grabatu zituen aldageletan. Uda honetan, festetan, ziztatu egin gaituzte. Gure mutil-lagunek isilarazten gaituzte. Gizon batek bere emaztea akabatu du. Neska gazte batek mugikorra hartu eta iruzkin nazkagarriak irakurri beharko ditu. Kaletik doala, erakusleihoko pastela sentituko da gero, eta begirada lizunen bidez jasoko ditu ahoz gora inor gutxik esango lizkiokeen mezuak.

Behin eta berriz, biharamunak golpe latzak ekartzen dizkigu. Eta denon burutan galdera bera: nola da posible. Nola gertatu da hau berriz.

Mundua euren interesetara moldatzen dutenak irabazten ari dira. Heziketa sexualak berebiziko garrantzia duela-eta, sekulako inbertsioak egingo dira hezkidetzan, eta eskoletan milaka irakaslek lan nekaezina egingo du bere ikasleekin. Baina bitartean, porno-industriak ikaragarrizko irabaziak izaten jarraituko du, eta eskolatik kanpo nerabeek emakumeenganako biolentziaz betetako eszenak jasoko dituzte heziketa sexual gisa. Emakumeoi geure buruak maitatzeko esaten digute, gure gorputzetan aske izateko eta nahi dugun moduan aurkezteko munduaren aurrean. Baina bitartean, beti alai, panpoxa eta miresgarri dauden emakume ezin ederragoen irudiekin bonbardatzen gaituzte, gogoraraziz gizentzen ari garela, zahartzen, gehiago zaindu beharko genukeela gure itxura, erakutsi egin behar dugula guk ere zenbat balio dugun, onespena merezi dugula baina horren frogak behar dituela gizarteak. Udaletatik, Foru Aldunditik, Jaurlaritzatik zaurgarritasun egoeran dauden emakumeak babesteko bitartekoak jartzen dituzte eta lau haizetara erakutsi egiten duten lan guztia. Baina bitartean, horretan lanean diharduten profesionalak itota dabiltza, iritsi ezinik, eta promesa horietara sarbidea izateko bete beharreko baldintzek ustezko lasaitasun horretatik kanpo uzten dituzte emakume langile asko eta asko.

Promesa handiak nonahi, letra txikiz beteta orriak. Eta horrela erraza da promesekin geure buruak lasaitzea Nahiago dugu zerbait egiten ari garela, direla, pentsatuta lasaitu, letra txikian fokua jarri baino. Nekatuta gaude eta lasaitasuna behar dugu. Eta azaroaren 25ean batzuk hunkitu egingo dira, indarkeria matxistaren biktimei egiten zaizkien omenaldiei samurtasunez begiratuz.

Baina gure bizi-baldintzak etengabe okertzen ari diren honetan, inoiz baino agerikoagoa suertatzen da sistemaren funtzionamendua. Inoiz baino garbiago dago geure bizi-baldintzen okertzeak eta jasaten ditugun zapalkuntzetan sakontzeak betetzen duen papera: langileongandik ahalik eta etekin gehien ateratzea eta kateetatik askatzeko aukerarik gabe uztea. Promesaz betetako mundu batean bagaude ere, inoiz baino agerikoagoa da emakume langileok dugun babesgabetasuna, eta berdintasun-politika askoren atzean dagoen fartsa. Jada ez da hain erraza emakume langileok geure interesak paperezko berdintasun-politika panpoxoetan islatuta ikustea.

Indarkeria matxista ez da auzi kultural soil bat. Gure nahi, desira eta jokabideak ere sistema kapitalistak ekoitzitako produktu dira. Eta horregatik, gizartea kapitalaren interesen arabera antolatzen den bitartean, etengabe ekoitziko dira baldintza ekonomiko, sozial zein kulturalak zapalkuntza desberdinak erreproduzitu daitezen. Auzi hau ez da lan ideologikoarekin eta kanpaina
pare batekin gaindituko. Ez da ardura pertsonal kontua bakarrik. Lan ideologikoa ezinbestekoa da, noski. Baina hortik haratago joan behar da. Indarkeria matxista etengabe erreproduzitu dadin baldintzak jartzen dituen sistema jarri behar dugu jo-puntuan.

Itaiatik dei egin nahi diegu emakume langileei: antolatzera deia. Antola gaitezen indarkeria matxistaren aurka, jasaten dugun zapalkuntzaren aurka. Hausnartu dezagun, pentsatu zeri egin behar diogun aurre, eta jarri ditzagun martxan gure esku dauden bitartekoak. Egin dezagun lan jendea borrokara batzeko. Eta borroka dezagun aberastasuna eta baliabideak denon eskura egoteko antolatuko den gizartea eraikitzeko. Klaserik gabeko gizarte bat. Ongizate unibertsala bilatuko duena, eta horren arabera antolatuko dena. Hori da sozialismoa. Hori da zapalkuntzarik egon ez dadin berme egonkor bakarra, eta, beraz, indarkeria matxistarik egon ez dadin baldintzak jarri ditzakeen gizarte-antolaketa bakarra. Ez gara antolatuko inoren aurpegiak zuritzeko; ahoa berdintasunaz, promesaz eta hitz potoloz betetzen zaienen maskarak seinalatuko ditugu. Ezta gure
buruak konbentzitzeko edo engainatzeko ere. Errealitatea zein den eta nola antolatzen den aztertuko dugu, eta emakume langileon interesak defendatuko dituen programa politikoa gorpuztu.

Azaroaren 25a borroka eguna da. Auzi politiko bat mahai gainean jartzeko eguna; martxan den borroka hauspotzekoa. Har dezagun kalea, emakume langileon borroka lehen lerrora ekarri eta hurrengo egunean are indar eta gogo handiagoarekin martxan jarraitzeko.

Azaroaren 25ean, denok mobilizaziora. 18:00etan Udaletxe Plazan.

INDARKERIA MATXISTARI AURRE EGITEKO SOZIALISMOA ERAIKI!