Leok'k taldeak kontzertua emango du azaroaren 23an

Juan Luis Romatet 2022ko aza. 16a, 11:00
Leok'k seikoteko kideak, Endoian ateratako argazkian. Argazkia: Luis Llavori

Modelo aretoan joko du musika talde beteranoak disko berria aurkezteko. Aurretik, Rockaren sorrera gogoan ikus-entzunezkoa emango dute. 

Leok'k taldeak kontzertua emango du azaroaren 23an, 20:00etatik aurrera, Zarauzko Modelo aretoan. Bizirik hala ere diskoa plazaratu du aurten, eta disko horretako eta azken urte hauetan atera dituen beste lanetako abestiak zuzenean entzuteko aukera izango da. Kontzerturako sarrerak aurrez salgai daude hemen, baita Modeloko leihatilan ere, sei eurotan. 

Rockaren sorrera gogoan ikus-entzunezkoa ere aurkeztuko dute egun horretan, David Gorospe taldekideak ondu duen lana. Eskualdeko rock mugimenduko sorreran izan ziren taldeei aitortza egin nahi diete ikus-entzunezko horren bidez. Talde horietako lagun, partaide eta senideek utzitako materialarekin sortu dute sormen lana.

Hala, Zarauzko Montis, Sombras Azules, Algas, Flint Glass edo Dalton taldeak gogoratuko dituzte; baita Orioko Haika, Zumaiako Erupcion, Elgoibarko Expresion Sonora, Zestoako Leok'k eta Mini Leok'k, eta Azpeitiko Egan.