Hainbat jarduera antolatu dituzte haur eta nerabeen eskubideen nazioarteko eguna ospatzeko

Jabi Gonzalez Toston 2022ko aza. 16a, 13:45
Haurrak salbide auzoan esku lanetan. (Aritz Mutiozabal)

Ludotxo ludotekan eta Haize-Orratz gaztelekuan egingo dituzte 17:00etatik aurrera larunbatean.

Haur eta nerabeen eskubideen nazioarteko eguna, azaroaren 20a, igandean izango da. Adin txikikoek, besteak beste, bizitzeko, osasunerako, babeserako eta hezkuntzarako eskubidea dutela gogoratzeko eguna.

Bada, egun seinalatu hori aitzaki hartuta, Ludotxo ludotekak eta Haize-Orratz gaztelekuak hainbat jarduera antolatu dituzte larunbat arratsalderako. Udalarekin elkarlanean tailerrak, jolasak etab. prestatu dituzte 4 urtetik 18 urtera arteko haur eta gaztetxoentzat. Irune Urbieta Gazteria zinegotziaren hitzetan, "jolasak haur eta nerabeen eguneroko bizitzan ezinbestekoa izan beharko lukeen aspektua da eta euren heziketan daukan garrantzia ukaezina da, norbanakoen garapenean, baita besteekin daukaten erlazionatzeko gaitasunean ere".

Hauxe da prestatu duten egitaraua:

Haurren gunea (4-12) - Ludotxo Ludoteka (Salbide)
17:00 - 18:00 Tailerrak
18:00 - 18:30 Txokolatada
18:30 - 20.00 Oka erraldoia

Nerabeen gunea (12-18) - Gaztelekuko kantxa
17:00 - 20:00 Puzgarriak
17:30 - 20:00 Galdera jolasa