"LHtik DBHrako jauzia oinarrizko hezkuntzako saltorik delikatuena da"

Irati Urdalleta Lete - Berria 2022ko aza. 18a, 17:00
LHtik DBHrako trantsizioa eskolen artean koordinatu behar da, Permachen ustez, eta horretarako planak eskatu ditu. Iruditzen zaio «salto handiagoa» izaten dela ikasleak herriz aldatzen direnean. Berria egunkarian egin diote elkarrizketa.

Lehen Hezkuntzatik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako jauzia. Horixe izan zuten aztergai joan den astean Heize Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxe publikoetako zuzendarien elkarteak antolatutako jardunaldi pedagogikoetan. Besteak beste, Nerea Permach (Zarautz, Gipuzkoa, 1973) psikodidaktikako doktorea eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikerlaria izan zen hizlari. Etapa batetik besterako trantsizioa behar bezala egitearen garrantzia ekarri zuen hizpidera: «Ezinbestekoa da trantsizio egoki bat egitea».

Hego Euskal Herriko sare publikoan Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza eraikin batean eskaintzen dira, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa, beste batean; itunpekoetan ohikoagoa da etapa guztiak eraikin berean egotea. Zergatik?

Ez dut hausnartu horri buruz. Pentsatzen dut tamaina kontua dela. Ikastetxe publikoek ikasle gehiago hartzen dituzte. Baditugu itunpeko ikastetxe oso handiak, bost edo sei lerrokoak, baina gutxiengoa dira; 11 lerroko bigarren hezkuntzako ikastetxeak ditugu, ordea. Ezin dut esan erabaki pedagogiko baten arabera egin ote den: ez dakit.

Beraz, eskola publikoetako ikasle askok, LH amaitzean, beste leku batean jarraitu behar dute DBH egiten. Nola egiten da jauzi hori?

Jardunaldian ikusi dugun bezala, diferentziak daude eskola batetik bestera. Zergatik? Batzuetan, herri edo auzo berean gertatzen da trantsizioa. Horrela gertatzen denean, badituzte nolabaiteko harrera planak -eta diseinatuta, bereziki bigarren hezkuntzako ikastetxeetan; aldiz, horrelako transmisiorik ez dago bailaraka-edo mugitzen direnean. Ikasle askok HH eta LH etxetik oso gertu egiten dute, herriko eskola batean, eta, gero, aldameneko herri batera joan behar dute bigarren hezkuntzara; salto handiagoa izaten da. Zailtasun gehiago topatzen dituzte ikastetxe horiek trantsizioa egiteko.

Aipatzen duzu batzuetan badagoela lotura; besteetan, aldiz, ez. Horrek nola eragiten die ikasleei?

Trantsizio egoki bat egitea ezinbestekoa da. Hezkuntza integralez hitz egiten dugu, eta, hezkuntza integralez hitz egiten badugu, ezinbestekoa da ibilbide integralez hitz egitea, bereziki alderdi emozionaletik ikusita. Beti esaten dugu etapa batetik besterako salto kualitatibo handi hori bikoitza dela. Egia da ikasle askok ilusioz eta erronka moduan bizi dutela, baina esperientziak esaten digu oso trantsizio zailak izaten direla ikasleentzat: normalean, oso eskola handi batera iristen dira; ordu asko tutore batekin egon beharrean, irakasle askorekin egoten dira...

Hori sumatzen zaie?

Horrek guztiak eragina dauka ikaslearen egoera emozionalean, baita akademikoki ere. Koordinatuta egiten bada, ikasleentzat oso baliagarria da, bai akademikoki, bai pertsonalki. Ausartuko nintzateke esatera Lehen Hezkuntzatik bigarren hezkuntzara ematen den salto edo trantsizio hori oinarrizko hezkuntzan ematen den saltorik delikatuena dela. Eta ez bakarrik eskola edo eskolaren formatua guztiz aldatzen delako, baizik eta pertsonalki ere, nerabeak diren heinean, oso egoera berezia bizitzen ari direlako. Trantsizio hori koordinatuta eta laguntzarekin egiten bada, bai familiaren eta bai eskolaren laguntzarekin, onuragarria da.