Zientziaz Blai ekimena herriko ikerlarien erakusleiho izango da zortzigarrenez

Jabi Gonzalez Toston 2022ko aza. 19a, 10:00
ZarautzOn elkarteko zuzendaritza batzordea. (Jabi Gonzalez Toston)

Zientzia eta teknologia dibulgazioa sustatzeko ZarautzOnek antolatutako jardunaldiak aukera emango die Zarauzko hiru ikerlariri euren lana azaldu dezaten. Horrez gain, Konputazio Kuantikoan sakontzeko goi mailako gonbidatu bat ere ekarriko dute. Asteartean egingo dute ekitaldia Modelon 19:00etan hasita.

Ezagutza zabaltzeko xedearekin duela hamar urte jaio zen ZarautzOn elkarteak zortzigarrenez antolatu du Zientziaz Blai ekimena. Zientzia astearen barruan antolatzen duten ekimen honekin herrian zientzia eta teknologia dibulgazioa sustatu nahi dute, horregatik, herriko gazte zientzialariei emango diete hitza, aurten ere, zertan diharduten azaldu dezaten.

Gauzak horrela, honako hiru gazte hauek izango dira Zarautzen Zientziaz Blai VIII. edizioko protagonistak: Iraitz Cordero Telekomunikaziotako ingeniaria, eta Ingeniaritza Konputazionalean eta Sistema Adimenduetan Masterduna; Goratz Beobide ADEn eta Ozeanoen Zientzietan lizentziatua, Ozeanografia Fisikoan espezializatua eta Klimaren Fisikan masterduna; eta Martin Irizar ingeniari elektronikoa eta fisikaria, eta egun nanozientzia eta nanoteknologiaren inguruko masterra egiten ari dena. Corderok adimen artifizialean oinarritutako soluzio teknologikoa garatu zuen akatsak topatzeko eta orain Startup bateko teknologia zuzendaria da. Beobidek, berriz, Hamburgoko Unibertsitate batean egiten du lan eta bero oldeak aurreikustea posible ote den ikertzeko doktoretza ondoko ikerketa bat ari da egiten. Bertatik etorriko da Zarautzera. Irizarrek, azkenik, Donostia International Physics Centerren (DIPC) egiten du lan ikerlari gisa grafenoarekin.

Ohiko formatuari jarraituz, gonbidatu berezi bat ere ekarriko dute hiru ikerlari zarauztarrekin batera aritu dadin: fisika kuantikoan aditua den Mikel Sanz bilbotarra, hain zuzen ere. Ane Bustindui ZarautzOneko kide eta Zientziaz Blai ekimeneko koordinatzaileak azaldu duenez, aurten gero eta gehiago entzuten den "kuantikoari" erreparatu nahi izan diote, eta Sanz arlo horretan erreferentea da kontinentean: "Europan ordenagailu kuantikoa sortzeko osatu duten taldeko ordezkari bakarra da Europa hegoaldean". Horrez gain, Ramon y Cajaleko ikerlaria da eta Iquerbaskeko beka ere badu Konputazio eta Arkitektura kuantikoen taldean, besteak beste.

Datorren asteartean, azaroaren 22an, 19:00etan, jarri dute 2022ko Zientziaz Blai ekitaldirako hitzordua Modelo aretoan.

Zientzia ekitaldi gehiago

ZarautzOneko kideek datozen hilabeteetarako lotu dituzten beste hiru hitzaldiren berri ere eman dute. Lehenengoa, egunotan oso presente dagoen trantsizio energetikoari buruzkoa izango da eta Jacinto Lobo energia ingeniari eta Energiaren Negozio Unitateko zuzendariak emango du abenduaren 14an. Hitzartuta duten bigarren hitzaldian, Metabertsoa aztertuko dute Pedro Lozano Peter-ekin urtarrilaren 24an, Aragoiko enpresari gazteen presidentea da Lozano eta Imascono enpresaren sortzailea. Hirugarrengoan, azkenik, bizitzaren jatorriari helduko diote, Carlos Briones CSICeko ikerlariak emango du hitzaldia apirilaren 25ean.

10 urteko ibilbidearen balantzea

Atzera begirada ere bota du 2012ko maiatzean sortu zen ZarautzOn elkarteak. Urteurren borobila ospatzeko tarterik oraindik hartu ez badute ere, egingo dutela hitz eman du Jose Mari Larramendi lehendakariak. Bien bitartean, datu hauek eman ditu: "Guztira 102 ekitaldi antolatu ditugu urte hauetan guztietan. Horietatik 75 hitzaldiak izan dira eta hizlarien ia erdia zarauztarrak". Horrekin batera nabarmendu du urtero milatik gora izan direla ekitaldietako parte hartzaileak eta 17.000 lagunek baino gehiago ikusi dituztela Interneten zabaldu dituzten bideoak.