Lakarik, Ekogranelak eta Beristain belardendak irabazi dituzte lehen Iraunkortasun sariak

Jabi Gonzalez Toston 2022ko aza. 18a, 13:30
Iraunkortasun sarien lehen edizioa. (Zarauzko Udala)

Herriko merkataritza establezimenduek agertu duten ingurumenaren aldeko jarrera eta aurrera eraman dituzten ekintzak aitortzeko sortu ditu Iraunkortasun sariak Udaleko Ingurumen sailak.

Zarauzko Udalak Lakari Kooperatibari, Ekogranelari eta Beristain belardendari eman dizkie sortu berri dituen Iraunkortasun sariak. Hauxe da eman duten arrazoia: establezimenduetako bakoitzak ingurumenarekin errespetagarriak diren jokabideak eta ekimenak txertatu dituela bere eguneroko lanaren barruan.

Zentzu horretan, Gloria Vazquez Ingurumen zinegotziak  negozioa zabaltzerakoan egin zuten apustua nabarmendu du sarituen aurrean: "Dendak irekitzerako garaian kontuan hartu zenuten arazoaren konponbidearen parte izan nahi zenutela, eta ahalegin handia egiten ari zarete ekonomia zirkularra bultzatzen. Ahalegin horrek saria merezi du”.

Ixidor Larrañaga Merkataritza zinegotziak, berriz, esker oneko hitzak zuzendu dizkie saltoki sarituetako ordezkariei: "Eskerrak eman nahi dizkiegu egunero bezeroei zerbitzurik onena eskaintzeaz gain, ingurumenarekin errespetuz jokatzeko egiten duten ahaleginagatik. Hare gehiago, gaur egun bizi dugun ezegonkortasun egoera honetan".

Sarituek garaikurra eta bezeroei banatzeko material birziklatuz egindako erosketa-orgak eta poltsak jaso dituzte.