Martxan da Zarauzko Euskaraldiaren batzordeak eta Zarauzkohitza.eus-ek antolatutako galdera-erantzunen jolasa

Erredakzioa 2022ko aza. 18a, 13:39

Euskaraldiari bultzada emateko, galdera-erantzunen jolasa antolatu dute Zarauzkohitza.eus-ek eta Zarauzko Euskaraldiak elkarlanean. Zenbat dakite zarauztarrek beren herriaz eta kulturaz? Hamar galdera erantzun behar dira, eta bi sari irabazi ahal izango dituzte parte hartzaileek.

Urolako Komunikazio Taldeak (UKT) Euskaraldiari buruzko lehiaketak jarri ditu martxan gaur, Euskaraldia hasi den egun berean, horietako bat Zarauzkohitza.eus webgunean. Hain zuzen ere, Zarauzko Hitzak eta Zarauzko Euskaraldiak antolatuta, hainbat galdera erantzun ahal izango dituzte herritarrek –galdera guztiak erantzun behar dira, baina horretan igarotako denbora ez da kontuan hartuko– Euskaraldiak irauten duen bitartean.

Euskararen aldeko egitasmoa bukatzean, jokoaren sustatzaileek hainbat sari banatuko dituzte parte hartzaileen artean. Galdera guztiak zuzen erantzuten dituzten herritarren artean Euskaraldiko produktuen sorta eta urtebeteko Hitzakide harpidetza zozkatuko dituzte –Euskaraldiaren saria– , eta parte hartzaile guztien artean, berriz, Errigoraren saski bat –Zarauzko Hitzaren saria–.

Animatu eta parte hartu galdera-erantzunen jokoan!