Bol & Tok klubeko taldeek Gipuzkoako Txapelketa jokatuko dute

Aritz Mutiozabal 2022ko aza. 21a, 13:45
Zarauzko Bol & Tok Kirol Klubeko emakumeen taldea. (utzitakoa)

Igande goiz-eguerdi partean izango dituzte lehiak Donostiako Herrera auzoko bolatokian.

Sailkapeneko proba gainditu ondoren, Zarauzko Bol & Tok Kirol Klubeko bi taldeek Gipuzkoako Bola eta Toka Federazioak antolatzen duen Gipuzkoako Taldekako Txapelketako finala jokatuko dute. Hitzordua igande goiz-eguerdi honetan izango dute Donostian, Herrera auzoko Arrobitxulo parkean dagoen bolatokian.

Gizonezkoen eta emakumezkoen talde bana sailkatu da finalerako, hain zuzen ere. Emakumeen taldea Jasone Erkiziak, Nerea Uriartek, Goretti Belokik eta Elena Aldazek osatzen dute, eta Gabiriako taldea kanporatu ondoren iritsi dira azken txanpara. Igandean Zeraingo taldearen aurka neurtuko dituzte indarrak.
 
Enrike Lopetegi, Txema Fernandez, Jesus Morales eta Sergio Aristik osatzen dute gizonezkoen taldea, eta hauek Hernani, Elur-Txori, Herrera eta Lasarteko Ostadar taldeak kanporatu dituzte finaleko txartela lortzeko. Herrerako bolatokian hiru talde izango dituzte aurrez aurre: Ereñozu, Segura eta Legazpi.