Hamalau borrokaldi jasoko ditu K-1 Euskal Herria jaialdiak

Aritz Mutiozabal 2022ko aza. 21a, 16:00
Kickboxingeko borrokaldi bat. (Zarauzko Hitza)

Larunbat arratsaldean izango da Aritzbatalde kiroldegian, eta 75 kilo azpiko gizonezkoen Espainiako Txapelketa jokatuko da bertan. Aritz Irureta zarauztarrak estreinakoz egingo du borroka.

K-1 Euskal Herria kickboxing jaialdia antolatu dute larunbat honetarako, Aritzbatalde kiroldegian. Guztira, hamalau borrokaldi jokatuko dituzte, 17:00etatik aurrera, eta horietako hiru profesional mailakoak izango dira, gainera.

Hain justu ere, profesional mailako 75 kilo azpiko gizonezkoen Espainiako Txapelketa hartuko du jaialdiak, eta hori izango da hitzorduko borroka nagusi. Gaztela-Mantxako Angel Noveren eta Borja Oion donostiarraren artean egongo da titulua, baina horretarako bost minutuko hiru round jokatu beharko dituzte.

Ekitaldian zehar, eskualdeko bi borrokalarik hartuko dute parte. Alde batetik, Ainara Torvisco azpeitiarrak profesionaletan egingo du debuta, Dea Celma madrildarraren aurka; hiru minutuko hiru round izango du aurretik. Bestetik, Aritz Irureta zarauztarrak bere ibilbideko lehen agerpena egingo du borrokaldi batean.

Sarrerak aurrez eros daitezke Zarauzko Ilunpe tabernan, Kuraia Zarautzen eta Kuraia Azpeitian, 18 euroan; egunean bertan ere salgai jarriko dituzte Aritzbataldeko leihatilan, 20 euroan.