Iritzia: Berdean

Andoni EgaƱa - Berria 2022ko aza. 24a, 09:45

Koloreen esanahia izan zuen hizpide Andoni Egañak Berria egunkarian, atzoko Hitz Etzanak atalean.

Badakit koloreen sistema unibertsalik ezin daitekeela ezarri. Kultura batzuetan kolore jakin batek gauza bat adierazten du eta beste batean bestelako zerbait.

Baina nago, kultur modu bat konpartitzen dugunon artean ahalegina egin beharko litzatekeela. TAO sistema abian jarri zenetik, ni behintzat galduta nabil. Kolore berak gauza bera adierazten du herri eta hiri guztietan? Ez dakit. Eta ez naiz bakarra. Etxe atarian kanpotarrek askotan galdetzen didate txuri-urdinak zer adierazten duen, urdinak zer, txurian zenbat denbora utz daitekeen autoa... Oinarrizko kontuetan bat egin behar genuke. Esaterako, egoiliarrentzako lekuak letra batez eta margo zuriz tindatuak daude gurean. Letrak denborak maizten dituenean, kolorea baino ez da geratzen. Eta zuria da! Gorria behar luke, gure kulturan arriskua gorriz ikusten ohituagoak gaude-eta, zuri orbain gabeez baino!

Talaiak ere bereiz ditzake, ordea, koloreak. Frantziako Gobernuak langabezia tasa %9tik beherakoa denean laburtu egingo du langabetu bakoitzaren saria. Egoera gorria eta egoera berdea bereizi dituzte langabezian. %9tik gora gorrian daude, eta behera berdean. Baina langabezia jaistearekin saria epe laburragoan jasoko duenarentzat berdean egotea gorrian egotea da...