Zientziak zortzigarrenez busti du Zarautz

Jabi Gonzalez Toston 2022ko aza. 23a, 16:55
2022ko Zientziaz Blai ekimena. (Utzitakoa).

Zarautzen Zientziaz Blai ekimena antolatu du aurten ere ZarautzOn elkarteak eta ohiturari eutsiz, herriko ikerlari gazteei eman die hitza. Horrez gain, Javi Gonzalez Conde ere izan dute azken orduko gonbidatu gisa.

ZarautzOn elkarteak zortzigarrenez antolatutako Zientziaz Blai jardunaldiak 40 lagun inguru bildu zituen atzo Modelo aretoan. Horrez gain, ekitaldia streaming bidez eman zutenez, beste bizpahiru lagunek nazioartetik ere jarraitu zutela zehaztu dute antolatzaileek, Ameriketatik eta Frantziatik, hain zuzen ere.

Ekitaldian, ohi bezala, Zarauzko zientzialari gazteek hartu zuten parte, hiruk aurtengoan: Iraitz Corderok, Martin Irizarrek eta Goratz Beobidek, Hanburgotik (Alemania) etorri zen azkena, bertan zertan dabilen azaltzeko. Horrez gain, gonbidatu berezi bat ere izan zen, Javi Gonzalez Conde, Quantum Mads startup-eko CEOa.

Zehaztu behar da, dena den, azken uneko aldaketa batek bultzatu zuela Gonzalez Conderen agerraldia; izan ere, hasiera batean, Mikel Sanz fisika kuantikoan aditua zen hitz egitekoa, baina ezin izan zuen Modelora gerturatu, gaixorik, ahotsik gabe zegoelako.