Oteiza Lizeo Politeknikoaren lan bat saritu dute ‘Ekonomia zirkularra modelatuz’ eskulturen erakusketan

Andoni Elduaien 2022ko aza. 24a, 17:40
Oteitza Lizeoko ikasleak sariarekin.

Azken tanta arte zukutuz izeneko lana aurkeztu du Lanbide Heziketa zentroak Aldundiaren Ingurumen Departamenduak antolatutako eskultura erakusketara, eta hura saritu dute. Besteak beste, proiektuan nabarmendu nahi izan dute material bati beste erabilpen bat eman dakiokeela behin eta
berriz.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak Zarauzko Oteiza Lizeo Politeknikoak egindako lan bat saritu du Ekonomia zirkularra modelatuz eskulturen erakusketan. Hondakinak Prebenitzeko Europako Astea dela eta, laugarrenez antolatu du Aldundiak ekimena. Zarauzko ikasleek, beraien irakasleekin batera, material birziklatuekin osatutako eskulturak egin dituzte, aurrez horien inguruan hausnartuta eta diseinua landuta. Azken tanta arte zukutuz lana ondu dute zarauztarrek, eta material bakoitzari erabilpen bat baino gehiago ematea dagoela nabarmendu nahi izan dute.

Ekonomia zirkularra sustatuz, lanbide heziketako ikasleek hondakinak prebenitzeko eta horiek behar bezala kudeatzeko egiten dituzten jarduerak islatu nahi izan ditu erakundeak erakusketarekin. Hain zuzen, helburua da lanbide heziketako ikasleak ekonomia zirkularraren filosofiaz sentsibilizatzea eta hura ezagutaraztea. Hain zuzen, hondakinek produktu berriak egiteko baliabide eta lehengai gisa duten balioa azpimarratu dute.

Gaur goizean egin dute sari banaketa ekitaldia Donostiako Okendo plazako GK Recyling karpan — han jarri dituzte lanak ikusgai—, eta han izan da Jose Ignacio Asensio Aldundiko Ingurumen diputatua. Aurten, hamabi ikastetxek parte hartu dute erakusketan, eta horiei diplomak eta sariak banatu dizkiete, tartean Zarauzko Oteiza Lizeo Politeknikoko ikasleei. “Garrantzitsua da ekonomia zirkularraren ikuspegia txertatzea gure gazteen hezkuntzan, jasangarritasun politiketan lurraldearen etorkizuneko talentuak formatzeko eta etorkizuneko erronken inguruko kontzientzia nahiz sentsibilizazioa sortzeko”, nabarmendu du Asensiok.

Ekonomia zirkularra Ingurumen Departamentuaren “helburu estrategikoetako bat” dela adierazi du diputatuak, “hondakinak murrizteko” eta horiek lehengai gisa erabiliko dituen “sektore ekonomiko berri bat bultzatzeko”. Aldundiak emandako datuen arabera, gaur egun, 6.500 lanpostu sortzen ditu sektore horrek Gipuzkoan, eta 1.425 milioi euro fakturatzen ditu —Gipuzkoako BPGaren %5,3—. Halaber, 650 milioi euro baino gehiagoko eragin zuzena du Gipuzkoako ekonomian.