Euskararen Egunak badu bere irudia

Aritz Mutiozabal 2022ko aza. 27a, 10:00

Abenduaren 3an Euskararen Eguna ospatuko da, eta egitaraua aurkeztearekin batera, Zarauzko Udaleko Euskara departamentuak aurtengo pegatina eta meme lehiaketako sariak banatzeko baliatu zuen ostiral eguerdian eginiko ekitaldia.

Ohi bezala, herriko ikastetxeetako ikasleen artean sustatzen du lehiaketa, eta Irune Urbieta Euskara zinegotziak banatu zizkien sariak aurtengo irabazleei.

Aurtengo pegatina irabazlearen egilea Leire Anitua izan da eta, ondorioz, bere irudia agertuko da Euskararen Eguneko kartelean. Bigarren saria Ane Morenorentzat izan da, eta hirugarrena, Wissau Challalentzat.

Meme lehiaketako lehen saria Isabel Martin, Jon Sayalero eta Ane Gurrutxaga hirukoak jaso du; bigarren saria Ageda Larrañagak, eta eta hirugarrena, Oihan Etxeberriak. Bi kategorietako sarituek euskarazko kultur produktuak erosteko opari txartela jaso zuten.

Euskararen Eguneko egitarauari erreparatuz, astelehenetik hasi eta datorren aste osoan zehar hainbat jarduera antolatu du Euskara departamentuak  Zarauzko ikastetxeetako ikasleentzat: Didau Antzerki Faktoriaren Hazia, abentura handi baten istorio txikia antzezlana, Eñaut Elorrieta eta Mikel Markez musikarien Baga, biga, higa: euskal musikagintzaren historia ikuskizuna eta Apaxi ipuin kontalari zarauztarra.

Abenduaren 3an bertan, berriz, hainbat ekitaldi egongo dira: Muxikoak, Zarautz Kantuan kantu-jira, Nire Zirkua haurrentzako zinema eta Trikitxita Kalejira.