Azaroaren 25a

Indarkeria matxistaren bi biktimek inauguratu dute beren omenezko monolitoa

Onintza Lete Arrieta 2022ko aza. 26a, 15:48

Negarrari eutsi ezinik une batzuetan, baina indarra erakutsiz parte hartu dute indarkeria matxistaren bi biktimek gaur eguerdian Emakumeen Etxe aurreko plazan Zarauzko Udalak egin duen ekitaldian. Han izan dira Parekidetasun saileko kideak eta EAJko, EH Bilduko eta PSE-EEko udal ordezkariak ere.

Indarkeria matxistaren biktimen oroimenez monolito xumea jarri du Zarauzko Udalak Emakumeen Etxe aurreko plazan, lorategietako batean. Lore morez inguratuta, kolore zuri, more eta griseko panelean hau irakur daiteke euskaraz zein gaztelaniaz:

"Hautsi egin nintzen, barrutik eta kanpotik hautsi ninduten.

Hutsik eta bakarrik sentitu nintzen, eta mina benetan zer zen ulertu nuen.

Errealitateak suntsitu ninduen, eta nire ametsak eta ilusioak erabat puskatu ziren.

Beldurrak, kulpak eta haserreak guztiz harrapatu ninduten. Alde ilun horrek ez dizu uzten ez aurrera egiten, ez eta zauritzen, mintzen eta hiltzen zaituen horrengandik urruntzen ere.

Ezin nuen ahuleziarik erakutsi. Eta, azkenean, neure buruari begiratu eta benetan non nengoen ikusi nuen. Nire beldurrak ezagutu nituen, ausardiaz jokatu, eta laguntza eskatu nuen.

Eta, poliki-poliki, lortu egin nuen; neure burua goitik behera aldatu eta askatu egin nintzen. Orain, neure bizitzaren jabe naiz".

"Ez zaudete bakarrik"

Ekitaldian hitza hartu dute Edurne Urbieta udaleko Parekidetasun teknikariak –Gloria Vazquez Parekidetasun zinegotziaren ordez–, Jesus Arana alkateordeak eta Nuria eta Noelia herritarrek; indarkeria matxistaren biktimak dira, biak ala biak. Ekitaldian zehar hainbatetan hunkitu dira bi emakumeak, baita bertaratu diren herritarrak ere.

Urbietak Gloria Vazquez Parekidetasun zinegotziak prestatutako idatzia irakurri du, horrek ezin izan baitu berarentzat "hain inportantea" zen ekitaldian egon. Besteak beste, azaldu du monolitoak aitortza egin nahi diela indarkeria matxistaren biktima izan diren emakumeei, eta gogorarazpena ere izan nahi duela: "Gizarte osoak argi eduki behar du gaur egun oraindik matxismoak emakume askori eta haien seme-alabei sufriarazten diela. Gizonezko horiek beren bikoteen lagunak izan behar lukete, baina eguneroko torturatzaileak bihurtzen dira".

Monolitoarekin, biktimei beste mezu bat ere helarazi nahi die udalak: "Esan nahi diegu ez daudela bakarrik, beraiek jasaten ari direna delitua dela, ez daukatela ezeren errurik, eta arduradun bakarra tratu txarren emailea dela".

Vazquezek fokua jarri du beste puntu batean ere: "Emakume horiek esaten digute asko mintzen dituela epaituak sentitzeak; horrenbeste aguantatu izana aurpegiratzeak; sinistuak ez izateak; beraien ordez erabakitzen saiatzeak. Bi aldiz biktima sentitzen dira askotan, ingurukoak hobebeharrez aritu arren". Horregatik, Vazquezek azpimarratu du Parekidetasun sailean argi dutela emakume horiek entzun egingo dituztela beti.

Azkenik, eskerrak eman dizkie gaurko ekitaldian parte hartzeko ausardia izan duten Nuria eta Noeliari, "ahotsa altxatu eta jendaurrean agertzeagatik, pauso bat aurrera emanda".

"Semeak eta biok indarkeria matxista jasan dugu"

Nuriak eta Noeliak, biek hartu dute hitza, denen aurrean ozen esateko indarkeria jasan dutela. Jimenez izan da aurrena: "Nire semeak eta biok indarkeria matxista jasan dugu. Zorionez, geunden tokitik ateratzea lortu genuen, eta orain gure bizitzak berreraikitzen ari gara".

Hunkitu egin da hitzartzean, baina gai izan da aurrera jarraitzeko, eta monolitoan idatzita dagoen testua irakurtzeko.

Noeliak, berriz, orain gutxi entzun duen abesti baten hitzak ekarri ditu gogora bere hitzartzea hasteko: "Erakutsi zure zauriak, hartara sendatu egingo dituzulako, zioen abestiak. Eta, hala da. Dena hasten da onartuz indarkeria matxistaren biktima zarela: Noelia deitzen naiz, zarauztarra naiz, eta indarkeria matxistaren biktima naiz".

Monolitoko testua irakurri du berak ere, gaztelaniaz –euskarazko bertrsioa irakurri du Jimenezek–.

Ekitaldia amaitzeko, bi dantzarik aurreskua dantzatu diete. Ondoren, besarkadek eta malkoek hartu dute plaza.