Zabaldu dute izen ematea igeriketa ikastaroen bigarren hiruhilekorako

Jabi Gonzalez Toston 2022ko aza. 28a, 14:45
Igeriketa ikastaroak Aritzbataldeko kiroldegian. (Zarauzko Udala)

Igandean, abenduaren 4an, itxiko dute ikasle berrientzako epea eta plaza libreak baleude, errepikatzeko aukera emango diete klaseak lehen hiruhilekoan hartu dituztenei.

Aritzbatalde kiroldegiko igeriketa ikastaroetan parte hartu nahi luketen ikasle berriek dagoeneko eman dezakete izena. Zarauzko Udalak pasa den astean zabaldu zuen horretarako epea eta igandean, abenduaren 4an, itxiko dute. Zozketaren emaitzak, berriz, abenduaren 13an argitaratuko dituzte, Udal web orrialdean zein kiroldegiko harrerako panelean.

Bigarren hiruhilekoari dagokien ikastaroak dira, baina lehen hiruhilekoan klaseak hartu zituzten ikasleek ere izango dute errepikatzeko aukera, plaza libreak baleude. Hala balitz, abenduaren 14an zabalduko lukete izen emateko epea eta hilaren 20an itxi. Era berean, zozketa bidez esleituko lituzkete plazak hilaren 23an.

Ikastaroak, azkenik, urtarrileko bigarren astean hasi eta martxoa amaiera artekoak izango dira. Haur, gazte zein helduei daude zuzenduta eta astean saio bat edo bikoak izango dira, ikastaroaren beharren arabera. Izen emateko eta argibide gehiago eskatzeko bi bide ahalbidetu dituzte: batetik, 943-00 51 23 telefonoa, eta, bestetik, kirola@zarautz.eus helbide elektronikoa.