'Laztandu, dantzatu, goxatu, ospatu eta osatu' tailerra antolatu dute ostiralerako

Jabi Gonzalez Toston 2022ko aza. 29a, 09:00

Zarauzko Bilgune Feministaren ekimena da eta emakumeei* zuzenduta dago. Goizane Arana Arexolaleibak gidatuko du eta doakoa izango da.

Biodantza saioa antolatu du Zarauzko Bilgune Feministak ostiral arratsalderako, abenduaren 2a. Laztandu, dantzatu, goxatu, ospatu eta osatu deitu dute tailerra eta Goizane Arana Arexolaleibak gidatuko du euskaraz, La Sala zentroan, 17:00etatik 19:00etara.

Azaldu dutenez, arreta gorputzetan jarri nahi dute norbanakoen lehen lurraldea delako eta zaindu, goxatu eta osatu beharra dagoelako. Hori guztia elkarrekin eta kolektiboan egitea da asmoa. Gauzak horrela, mugimenduaren eta dantzaren bitartez gorputzak askatuko dituzte; izan ere, diote parada emango diela horrek, "gorputz eta bizitzak ospatzeko, goxatzeko, laztantzeko eta osatzeko".

Jardueran parte hartu nahi duten emakumeek* bfzarautz@gmail.com aurrez idatzita eman dezakete izena.