Inauteriak 2023

Inauterietako konpartsa eta kartel lehiaketak abiatu dituzte

Jabi Gonzalez Toston 2022ko aza. 29a, 10:00
Iazko inauterietako konpartsak (Zarauzko Hitza)

Moulin Rouge gaia hautatu du Zarauzko Udalak konpartsen lehiaketarako eta dagoeneko eman daiteke izena. 190 pertsonakoa da edukiera muga eta abenduaren 14an itxiko dute izen ematea. Kartel lehiaketarako lanak aurkezteko, berriz, urtarrilaren 23a izango da azken eguna.

Zarauzko Udalak hurrengo inauterietako konpartsa lehiaketan parte hartzeko izen ematea zabaldu du, eta, aldi beren, kartel lehiaketa ere jarri du martxan. Gauzak horrela udala  inauteriei begira dago jada, nahiz eta, oraindik 80 egun pasatxo geratzen diren iristeko. Izan ere, otsailaren 18tik 21era egingo dira.

Konpartsa lehiaketarako, Moulin Rouge gaia eman dute eta abenduaren 14ra arte eman daiteke izena jaiak@zarautz.eus helbidera idatzita. Zehaztu dutenez, zortzi urtetik gorakoek hartu dezakete parte eta 190 pertsonakoa da gehienezko edukiera. Prezioa, berriz, hamar eurokoa buruko. Entseguak abenduaren 18an hasiko dira eta Aritzbatalde kiroldegiko frontoian egingo dira.

Kartel lehiaketan parte hartzeko, aldiz, Euskalduna Tabernan edo Turismo Bulegoan aurkeztu beharko dira lanak oinarrietan zehaztutako formatuan. Urtarrilaren 23a izango da azken eguna eta hiru sari emango dituzte: lehenengo saria (300 euro), bigarren saria (100 euro) eta publikoaren saria (afaria bi pertsonentzat). Azken urteetako bide beretik, Euskalduna tabernaren eta Zarauzko Udalaren artean antolatu dute lehiaketa.