Etxeko eta zaintza lanen sektoreko araudia argitzeko hitzaldia emango dute ostegunean

Jabi Gonzalez Toston 2022ko aza. 29a, 14:15

Zarauzko Udalak antolatu du eta Ana Isabel Lopez Casarrubios abokatuak emango ditu azalpenak Etxezabalako bilera aretoan. Helburua da zehaztea zein diren sektorean lan egiten duten pertsonen eskubide eta betebeharrak.

Etxeko eta zaintza lanen sektoreko lan-arautegian egin dituzten berrikuntzei buruzko azalpenak emango ditu Ana Isabel Lopez Casarrubios abokatuak ostegun arratsaldean, abenduaren 1ean, Etxezabalako bilera artekoan. Zarauzko Udalak antolatu du saioa eta helburua da langile zein familia-kontratatzaileek izan ditzaketen zalantzak argitzea. Horregatik, legediari buruzko argibideak emateaz gain, bertaratuek egindako galderak ere erantzungo ditu abokatuak.

Gauzak horrela, Lopez Casarrubios azalduko ditu sektoreko langileen betebeharrak eta eskubideak zein diren; izan ere, aurten egindako moldaketekin, orain, langabezia prestazioa jaso dezakete, esaterako.

Hitzaldiarekin batera, udalak argitaratu duen Etxeko Langileen Erregimenari buruzko informazio liburuxka ere emango diete bertaratuei. Edonola ere, Gizarte Zerbitzuen bulegoan ere eskuratu daiteke dohain. Osteguneko saioa bera ere doakoa izango da eta Etxezabalan izango da, esan bezala, 18:00etan hasita.