'Hondamendia' antzerkia eskainiko dute ostiralean Modelon

Jabi Gonzalez Toston 2022ko aza. 30a, 11:00

Axut! eta Artedrama konpainiek elkarrekin egindako azken lana da eta 20:00etan hasiko dute ikuskizuna, Zaldibarren behera etorri zen zabortegiaren afera abiapuntu hartuta. Sarrera gutxi geratzen diren arren, oraindik eskuragarri daude Modeloko leihatilan zein Kutxabankeko atari digitalean.

Harkaitz Canok idatzi eta Ximun Fuchsek zuzendu du ostiralean Modelon antzeztuko duten Hondamendia lana. Oholtza gainera igoko diren aktoreak, berriz, Ander Lipus, Maite Larburu Ane Sagues edota Jon Ander Urresti izango dira besteak beste.

Antzerkian, ia hiru urte egingo dituzte atzera eta Zaldibarko Eitzaga auzoan behera etorri zen zabortegira eta COVID-19aren pandemia hasierara eramango dituzte ikusleak. Hala, hainbat errealitate erakutsiko dituzte antzezlaneko pertsonaien bitartez: osasun arazo batek bazterrean utzi ondoren zabortegiaren luiziari hitzak ematen saiatuko den irrati-esataria; eszenatokira igo ezin duen dantzaria antzokiak itxi dituztelako; ospitaleko kaosaren erdian lana ahalik eta txukunen egin nahi duen ospitaleko erizain arretatsua, eta, aldi berean, Zaldibarren aita eta senarra galdu duten emakumeen egonezina denbora asko pasatu den arren, erreskate zerbitzuek hilotza oraindik ez dutelako aurkitu. Hala, okerrera joan ezin daitezkeelakoan hondamendia bizi dutelakoan daude.