Gipuzkoako Taldekako Halterofilia Txapelketa hartuko du bihar Aritzbataldek

Jabi Gonzalez Toston 2022ko abe. 2a, 18:30
Halterofilia txapelketa Aritzbataldeko frontoian. (Amaia Urbieta Arruti)

Lurraldean dauden hiru taldeetako seina mutil eta neska arituko dira nor baino nor kiroldegiko frontoian 09:15ean hasita. Horrez gain, halterofilia eskolako aurrek teknika erakustaldia eskainiko dute.

Zarauzko halterofilia taldeak hitzordua du bihar Aritzbatalde kiroldegiko frontoian, izan ere, Gipuzkoako Taldekako Txapelketa jokatuko dute Irungo eta Zizurkilgo taldeen aurka. Talde bakoitzak hautatutako hamahiru urtetik gorako sei ordezkari izango dira lehin arituko direnak gizonezkoetan zein emakumezkoetan.

Hain justu, emakumeak izango dira txapelketa abiatuko dutenak 09:15ean. Hori bai, Aritzbataldera lehenago agertu beharko dute, 08:00etan pisaketa baitute. Gizonezko parte hartzaileak, berriz, 09:00etan pisatuko dituzte eta 11:00etan egingo diote lehiari. Sari banaketa, azkenik, 13:00etan egingo dute.

Edonola ere, sari banaketaren aurretik eta gizonezko eta emakumezkoen txapelketen artean gaztetxoak izango dira protagonistak. Izan ere, halterofilia eskolako haurrek teknika erakustaldia eskainiko dute, zeinaren bitartez erakutsiko duten nola egiten dituzten abiada eta kargatze altxatzeak.