Otamendi 'Pozaren gelaxka' olerkia errezitatzen Garoa liburu dendan

Aritz Mutiozabal 2022ko abe. 3a, 17:00

Juan Luis Otamendi azpeitiarraren azken poema lana da Landura, eta atzo arratsean liburu horretan oinarritutako errezitaldi interesgarri bezain berezia eskaini zuen idazleak, Ilargi Agirre musikari zarauztarra bidaide zuela, Garoa liburu dendan.

Interesgarria Otamendik poema bakoitzaren nondik norakoak azaltzen saiatu zelako, pintzelada batzuk emanez, nondik sortu ziren eta haien zergatia aurkezten, bertaratu zirenekin nolabaiteko gertutasuna lortzeko.

Berezia, halaber, gutxitan ikusi ohi delako poeta eta perkusio-jotzaile baten arteko elkarlan bat. A priori arriskatua zirudienak emaitza biribila izan zuen: performance erakustaldi artistiko poetikora ere iritsi ziren maiz, elkarren arteko fusioarekin, bai olerkiak aurkezterakoan erabilitako tonuan bai girotzeko erabilitako tramakulu eta keinuetan.

Susa argitaletxeak eta Garoak berak antolatutako ekitaldiak ikusmina sortu zuen, eta jende ugari bertaratu zen saioaz gozatzera. Hona hemen atzo une baten ikus-entzunekoa, zeinean Pozaren gelaxka olerkiaz solas egiten duen eta ondoren errezitatu.