Kantu eta dantza Zarautzen, Euskararen Eguna ospatzeko

Aritz Mutiozabal 2022ko abe. 3a, 15:00

Abenduaren 3a da gaur, Euskararen Eguna. Hori dela eta, hainbat ekitaldi antolatu dituzte egunean zehar. Eguerdian, esaterako, kantujira eta muxikoak izan dira Alde Zaharrean.

Ordu berean jarri dute hitzordua bi ekitaldietarako: 12:00etan. Ohi bezala, Musika Plazan izan dira plaza dantzak Alaken taldeak girotuta eta gidatuta, eta jende multzo ederra bildu da dantzarako prest.

Bien bitartean, Lege Zaharren enparantzan abiatu dute kantaldia Zarautz Kantuan taldekoek, eta ondoren kalez kale abiatu dira ZarautzTrik elkarteko trikitilari eta pandero-jotzaileen laguntzarekin. Gaurko errepertorioan ez dira falta izan euskara ardatz zuten abestiak; hala nola, Euskal Herrian Euskaraz bezalakoak.

Bestalde, gaur arratsalderako iragarrita zegoen Trikitxita kalejira bihar eguerdira atzeratu dute. Beraz, Oskar Estanga eta Aratz Arregi trikitilariekin egingo den saio 13:00etatik 14:30era iznago da, Musika Plazatik hasita.