Abenduaren 10ean eta 17an egingo dituzte Larunbatak Martxan egitasmoko aurtengo azken saioak

Onintza Lete Arrieta 2022ko abe. 6a, 08:00
Bi ume igerilekuan. (Tookapic/Pixabay)

Zarauzko Udalak haurrentzat eta beren familientzat, gaztetxoentzat nahiz helduentzat antolatu ditu jarduerak Aritzbatalde kiroldegian, eta parte hartzeko derrigorrez izena aurrez eman behar izaten da. Egitasmoaren helburua da sedentarismoa murriztea eta jarduera fisikoa sustatzea.

Zarauzko Udala adin guztietako herritarrentzat jarduerak antolatzen hasi da Aritzbatalde kiroldegian, sedentarismoa murrizteko eta jarduera fisikoa sustatzeko. Egitasmo horietako bat da Larunbatak Martxan izenekoa, eta aurtengo azken bi hitzorduak jarrita daude: abenduaren 10ean izango da bat, eta 17an, bestea. 

Bi egun horietarako egitarau zehatzak honakoak dira, eta horietan parte hartzeko beharrezkoa izango da aurrez izena ematea kiroldegiko harreran, posta elektroniko bidez kirola@zarautz.eus helbidean edo telefonoz, 943-00 51 23 zenbakira deituta.

Abenduak 10, larunbata:

  • Haur eta familientzat (LH4tik behera): haur jolasak familian, 16:00etatik 17:30era.
  • LH4-DBH2: areto jolasak lagunekin, 17:30etik 19:00etara.
  • 16 urtetik gorakoentzat: spinning saioa, 09:00etatik 10:30era.

Abenduak 17, larunbata:

  • Haur eta familientzat (LH4tik behera): ur jolasak familian, 16:00etatik 17:30era.
  • LH4-DBH2: ur jolasak lagunekin, 17:30etik 19:00etara.
  • 16 urtetik gorakoentzat: konbo saioa (spinning +total training), 09:00etatik 10:30era.

Harrerarekin gustura

Udalaren esanetan, egitasmo berriak "harrera oso ona" izan du. Izan ere, irailean jarri zuten martxan proiektua, eta "guztira, 700 pertsona baino gehiagok hartu dute parte". Ur jolasetan, esaterako, 370 haur eta familia ibili dira. "Erantzunari helduz, proposamen gehiago martxan jartzeko lanean ari dira Aritzbatalde kiroldegian", aurreratu dute.

Leire Arana Kirol zinegotziak azaldu du zein den egitasmoaren helburua: "Dinamizazio jarduera hauen helburua herriko kolektibo eta behar anitzei aktibotasunetik erantzutea da. Alde batetik, heldu eta gazteei zuzendutako lehorreko ekintzak ditugu eta, bestetik, familia eta haurrei zuzendutako ur jolasak, igerilekuan. Hala, larunbatetan, kiroldegian eskaintzen ditugun jarduerak ezagutzeko aukera ematen ari gara, doan, kirola egiten jarraitzeko edo ohitura osasuntsu eta aktiboak sortzen hasteko".