Enpresen ondorengotzara bideratutako programa abiatuko du UKUEk

Juan Luis Romatet 2022ko abe. 9a, 16:00

Enpresen jarraipenerako beharren detekzio goiztiarra izeneko programa abiatuko du Urola Kostako Udal Elkarteak, eskualdeko enpresen iraunkortasuna eta jarraipena bermatzeko eta eskualdeko enpresaburuen erretiroak ekonomian ahalik eta kalterik txikiena eragiteko helburuarekin. Hasteko, datorren asteazkenean saio bat egingo da UKUEren egoitzan, Zarautzen.

Enpresen jarraipenerako beharren detekzio goiztiarra izeneko programa abiatuko du Urola Kostako Udal Elkarteak, eskualdeko enpresen iraunkortasuna eta jarraipena bermatzeko eta eskualdeko enpresaburuen erretiroak ekonomian ahalik eta kalterik txikiena eragiteko helburuarekin. Hasteko, datorren asteazkenean saio bat egingo da UKUEren egoitzan, Zarautzen.

Urola Kostako Udal Elkarteak Enpresen jarraipenerako beharren detekzio goiztiarra egitasmoa jarri du martxan, “eskualdeko enpresen iraunkortasunaren eta jarraipenaren aldeko apustuan”. Antolatzaileen esanetan, “gaur egun datu zehatzik ez daukagun arren”, eskualdeko enpresa eta negozio ugarik ondorengotzari aurre egin beharko diete datozen urteotan; “eta asko dira oraindik gaia bideratu gabe dutenak. Eta, noski, hori kezka iturria da Urola Kostako Udal Elkartearentzat”. 

Ekimen honen helburua da “eskualdeko enpresaburu eta enpresa jabeen erretiroak ahalik eta kalterik txikiena eragitea eskualdeko ekonomian eta, horrekin batera, erretiro horien eraginez eskualdeko enpresetako lanpostuak ez suntsitzea eta enpresa-sarean eragin negatiborik ez izatea”. Era berean, programa honen bitartez “eskualdeko enpresen errotzea edota lehiakorrak diren eskualdeko enpresek ekintzaileei bide berri errentagarriak eskaintzea” bilatu nahi dute. 

Egitasmo hau datozen 10-12 urteko epean erretiroa hartuko duten enpresa txiki edo mikro-enpresen buru zein negozio jabeei zuzenduta dagoela adierazi du UKUEk, “baita erretiroaz gain beste edozein arrazoirengatik enpresa lehiakorrak transmititzeko asmoa duten enpresariei ere, edozein delarik horien alor ekonomikoa”, antolatzaileen esanetan. Enpresek beren jarraipenerako behar dituzten sustapena eta laguntza “era integralean” landuko dela eman du jakitera UKUEk.

Programa hasteko, Enpresen segida/transmisio ordenaturako aurretiazko gogoetak izeneko saioa antolatu dute. Abenduaren 14an, asteazkenez, egingo da UKUEk Zarautzen duen egoitzan. Goizeko 9:30etik 11:30era bitartean egingo da. 

Saioan eta, oro har, egitasmo honetan parte hartu nahi dutenek UKUEk abian jarritako enpresentzako zerbitzuekin jarri daitezke harremanetan, enpresa@urolakosta.eus helbidera idatzita edo 943- 89 08 08 (Eli Uzkudun) telefonora deituta.