"Trenbidea lurperatzeko borondate politikoa adierazi digute alderdi guztiek"

Jabi Gonzalez Toston 2022ko abe. 16a, 09:30
Trenbidea Lurperatzearen Aldeko Plataformako kideak gaztelekuan egindako agerraldian. (Jabi Gonzalez Toston)

Proiektua bultzatzeko konpromisoa berretsi diote Trenbidea Lurperatzearen Aldeko Plataformari talde politikoek. Hitzemandakoa bete dezaten, plataformako kideek iragarri dute datozen hilabeteetan ekintza gehiago garatuko dituztela.

Trenbidea Lurperatzearen Aldeko Plataforma gustura dago Zarauzko alderdiengandik jaso duen erantzunarekin; izan ere, guztiek adierazi diote babesa haien aldarrikapen nagusiari. Alegia, herria erdibitzen duen trenbidea lurperatzeko eskaerari. Hori gutxi balitz, udalean ordezkaritza dutenek zein PPk prozesua bultzatzeko "borondate politikoa" eta beren agendetan sartzeko konpromisoa berretsi dietela azaldu zuten plataformako kideek, haiekin izandako bilera erronda amaituta atzo egin zuten agerraldian. Hori bai, argi utzi zuten alderdien hitzak ez direla aski eta paperera eraman nahi dituztela orain.

Gauzak horrela, herri mugimenduko kideek azaldu zuten Zarauzko alderdi guztiek adierazi dietela "lehentasunezkoa eta estrategikoa" dela trenbidea lurperatzea, eta plataformak epe labur eta ertainerako ezinbesteko jo dituen urratsak ere begi onez ikusi dituztela. Ondorioz, ados daude trenbidearen lurpeko zatia egungo trazadurarekin lotzeko irtenbide tekniko bideragarri bat landu eta zehaztearekin, baita 2015etik blokeatuta dagoen informazio txostena eguneratzearekin eta Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) berrikuspena berehala abiaraztearekin ere. 2008koa da egun indarrean den Zarauzko HAPOa eta eguneraketak lurperatzearen behin betiko trazadurari buruzko azken erabakia jasoko luke.

Horrez gain, Eusko Jaurlaritzaren 2024ko aurrekontuetan lurperatzearen exekuzio proiektua idazteari diru partida eskaintzea ere beharrezkoa dela diote. Horren harira, Legebiltzarrean gaur zortzi onartuko duten 2023ko Jaurlaritzaren aurrekontu proposamenari emendakina edo zuzenketa aurkezteko eskatu die plataformak udal taldeei, iritzi baitiote Zarautzentzat «estrategikoa» den proiektua dela eta Jaurlaritzaren proposamenak ez duela aintzat hartu. Alderdiek zehaztu diete, ordea, onartu gabeko proiektuei ezin zaizkiela zuzenketarik egin. Edonola ere, Itziar Aldabaldetreku plataformako kideak azaldu zuenez, bada esleitu gabeko kopuru esanguratsua: "Badakigu beste proiektu batzuetara bideratu zituzten bi milioi euro inguru badaudela, azkenean erabili ez zituztenak. Kopuru hori lurperatzearen proiektura bideratzeko gorde dadin, eskaera egiteko galdegin diegu alderdiei eta bostetik hiruk agindu digute egin dutela".

Ekintza plana

Trenbidea Lurperatzearen Aldeko Plataformak datozen hilabeteetan aurrera eraman asmo dituen ekintzen berri ere eman zuen. Izan ere, hitzeman zuen ez diola lan egiteari utziko helburua bete arte eta gertutik jarraituko dituela alderdiek agindutakoa bete dezaten.
Hori horrela, maiatzean hasitako bide-orriari segika, Euskal Trenbide Sarearekin (ETS) biltzeko ahaleginari eutsiko diote, hasieratik utzi baitzuten argi lurperatzean inplikatutako eragile guztiekin elkartu nahi zutela. Ildo beretik, udalari eta alderdiei konpromisoak eskatzen jarraituko diete, eta lurperatze prozesuan lagunduko lukeen adierazpen instituzionala proposatuko dio Udalbatzari.

Horrez gain, prozesuaren jarraipena egiteko batzorde instituzional bat sortzea ere proposatuko dute. Zentzu horretan, batzordeak nolakoa izan behar duen ere argi adierazi dute plataformako kideek: "Irekia, plataformak parte hartuko duena eta gutxienez lau hilean behin bilduko dena".