Zarauzko EH Bilduko udal ordezkariek jakitera eman dutenez, joan den asteazkenean bildu ziren Udal Gobernuko ordezkariekin 2023ko udal aurrekontuetako negoziaketa abiatzeko. Prozesu horretan, hainbat punturen inguruan akordio proposamenak luzatu dizkio koalizioak, Itziar Murua bozeramaileak adierazi duenez: "Etxebizitza eskubidea erraztu, mugikortasuna sustatu eta herri ondarea mantentzeko partidak proposatu dizkiogu".
Etxebizitzaren arloan, besteak beste, partida bat sortzeko eskatu du EH Bilduk gazteen emantzipazioan laguntzeko; baita Alokabideren bitartez etxea alokairuan jartzen dutenei dirulaguntza emateko proposamena ere, "alokairu merkatua handitzeko helburuz". Bestetik, "Hegoalde eremuan etorkizunean etxebizitza publikoak eraiki ahal izateko lurrak erosteko partida bat bideratzeko, eta azken urtetan asko ugaritu den alokairu turistikoen azterketa eta araudia idazteko partida bat egiteko" ere proposatu dio Udal Gobernuari.
Mugikortasunari dagokionez, Muruak iragarri du diru partidak eskatu dituztela ondorengo proiektuetarako: Trenbidea lurperatzeko trazatuaren azterketari jarraipena emateko, trafikoaren inpaktuaren azterketa egiteko eta bidegorri zein bizikleta bideak indartzeko. Era berean, herrigunea oinezko bihurtzeko lanekin jarraitzea garrantzitsutzat jo dute.
Koalizioaren iritziz, herri ondarea mantentzea inportantea da, eta horretarako, "udal eraikinak berritzeko plana" eskatu dioten gobernuari negoziaketan. "Horiek konpontzeko partida bat ere proposatzearekin batera, eta eraikinen efizientzia energetikoari begirako berrikuntzei lehentasuna emanez", zehaztu du EH Bilduko bozeramaileak.
"Herri ikuspegia"
EH Bilduren arabera, "herri ikuspegia" eta "herritarren ongizatea" hobesten duten proposamenak dira mahai gainean jarri dituztenak. Izan ere, "gazteenek Zarautzen emantzipatzeko duten zailtasunari irtenbideak aurkitu nahi dizkiogu proposamen hauekin, mugikortasun planean nabarmen dauden gabeziak zuzendu edo herri bizitzan eragin, gure ondarea zainduz". Bestelako gai batzuk ere aurkeztu dituzte, "efizientzia energetikoari eta herri izaera indartzeari buruzko proposamenekin"
Amaitzeko, koalizioak argia izan da bere mezuan, eta adierazi du 2023ko udal aurrekontuetan beraiekin akordioa lortzeko "etxebizitzarako eskubidea bermatzeko urratsak eman, mugikortasunean ausartago jokatu eta herri ondarea zaintzeko borondatea" erakutsi beharko duela Udal Gobernuak.