XL. Erakusleiho Lehiaketako sari nagusia Javier Lucas argazki dendak irabazi du. Zarauzko Udalak gaur egin du sari banaketa eta kale nagusian dagoen establezimenduari eman dio epaimahaiak puntuaziorik altuena.
Gauzak horrela, Javier Lucas argazki dendak lehendabizikoz irabazi du lehiaketa 38 urtez bertan parte hartu ondoren. Edonola ere, bestelako garrantzirik ez dio eman horri Lucasek saria jasotzean: "Ez dugu irabazteko parte hartzen, herria alaitzeko egiten dugu, eta hala jarraitzeko asmoa dugu".
Bide beretik, Xabier Txurruka alkateak eskerrak eman dizkie aurten izan diren 24 parte hartzaileei, bere hitzetan, "herriari bizia ematen diotelako". Halaber, herritarrei herrian kontsumitzeko deia egin die merkataritza txikiaren sustatu dezaten.
Beste bi saritu ere izan dira gaurkoan: Olaizola Optikak MURKIL Merkatarien elkarteak emandako bigarren saria jaso du eta Koba Interiorismo dendak aipamen berezia, erakusleiho gustukoena izan baita Facebooken.