Izeta IV.ak, Ainitze Zumetak eta Lierni Osak txapela jantzi dute Asteasun

Andoni Elduaien 2023ko urt. 1a, 14:42

Hodei Iruretagoiena Izeta IV.ak harri-jasotze txapelketa irabazi zuen Asteasun (Gipuzkoa) atzo, eta emakumeen lau kiroletako txapelketan Ainitze Zumetak nahiz Lierni Osak.

Herri kiroletako txapelak eskuratu dituzte eskualdeko herri kirolariek. Atzo, larunbata, Asteasuko (Gipuzkoa) Usarrabi pilotalekuan jokatu zituzten Urrezko Aizkolarien Kopako Txapelketaren, Binakako Harri-jasotze Txapelketaren eta Emakumeen Lau Kiroletako Herri Kirol Txapelketaren finalak, eta guztietan nabarmendu ziren Urola Kostako kirolariak. Harri-jasotzean, Hodei Iruretagoiena Izeta IV.ak Jon Unanue Goenatxo III.a azkoitiarrarekin batera jantzi zuen txapela, eta emakumeen lau kiroletako txapelketan Ainitze Zumetak nahiz Lierni Osak.

Aizkoran, Mikel Larrañaga eta Hodei Ezpeleta izan zituen aurkari Txikia IV.ak. Hiru aizkolariek hamabi kanaerdiko ebaki behar izan zituzten atzoko finalean, hau da, 54 ontzako dozena bat egur. Azkoitiarrak azkar eta ondo ebaki zituen egurrak; hark, 27 minutu eta 24 segundo behar izan zituen lanak amaitzeko. Larrañaga sailkatu zen bigarren, enborrak 29 eta bost segundoan ebakita. Ezpeleta, berriz, hirugarrena izan zen, lanak 32 minutu eta hamasei segundoan eginda. Txikia IV.ak bikain borobildu zuen 2022. urtea.

Harri-jasotze txapelketan, berriz, Goenatxo III.a eta Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a nagusitu ziren Asteasun. Bikoteak 13.125 kilo altxatu zituen sorbaldara, Aimar Galarragak eta Paulo Azpiazuk 13.025 kilo eta Xabier Aranburu Guztak eta Xabat Olaizolak 12.800 kilo. 175 kiloko harri laukizuzenarekin azkoitiarra aritu zen, eta hark hamar jasoaldi egin zituen, Galarragak –bederatzi jasoaldi– eta Guztak –zortzi jasoaldi– baino gehiago. 100 kiloko zilindroarekin, berriz, Azpiazuk egin zituen jasoaldi gehien (35). Olaizola zarauztarrak (34) eta Izeta IV.ak (33) egin zituzten. 

125 kiloko kubikoarekin, ostera, Goenatxo III.a eta Izeta IV.a nabarmendu ziren. Bikoteak 31 jasoaldi egin zituen, Guztak eta Olaizolak, 28 jasoaldi eta Galarragak eta Azpiazuk 26. Eguneko azken lana 100 kiloko bolarekin egin behar izan zuten harri-jasotzaileek, eta onenak Galarraga eta Azpiazu izan ziren. Horiek 47 jasoaldi egin zituzten, Guztak eta Olaizolak 45 eta Goenatxo III.ak eta Izeta IV.ak 42.

Emakumeen lau kiroletako txapelketan, bestalde, Txindoki taldea nagusitu zen Larrun taldearen aurka. Ainitze Zumetak, Udane Ostolazak, Lierni Osak eta Nerea Arrutik hemezortzi minutu eta 23 segundo behar izan zituzten txingetako, harri jasotzeko, aizkorako eta ingudea altxatzeko lanetan. Xanta Sousak, Patricia Martinek, Nerea Sorondok eta Maika Ariztegik osatutako Larrun taldeak, berriz, hemeretzi minutu eta 31 segundo. Karmele Gisasolak 112 kiloko zilindro zaharra bueltan jasotzeko marka egin zuen sorbaldara birritan altxatuta. 

Argazkiak: Ibon Errazu