Trakatan-trakatan... Hemen dira Errege Magoak

Aitziber Arzallus 2023ko urt. 3a, 13:00
Errege Magoak Lege Zaharren enparantzan. (Aritz Mutiozabal)

Meltxorri, Gasparri eta Baltasarri harrera egiteko, etzi arratsalderako kabalkada jendetsuak antolatu dute urtero bezala. Aurrez, gutunak jasotzen ariko da bihar Bizarzuri. 

Pandemia atzean utzita, neurri murriztailerik gabeko Gabonak ospatzeko aukera izan dute herritarrek, eta Errege Magoei eta haien laguntzaileei ere halaxe egin ahalko diete ongi etorria. Ostiral goizaldean etxeetan opariak utzi baino lehen, Urola Kostako herri gehienetan izango dira pajeak edo Bizarzuri haurren gutunak jasotzen, eta baita Meltxor, Gaspar eta Baltasar ere etxeko txikienen beroa jasotzen.

Bihar, Errege Magoen postari Bizarzurik haurren gutunak jasoko ditu Lege Zaharren enparantzan, 17:00etatik aurrera. Euria egingo balu, gaztelekuan izango da ekitaldia. Errege Magoen desfilea, berriz, etzi arratsaldean izango da. 18:30ean abiatuko dira Bizkaia kaletik, Photomuseumen behealdetik, eta herrian barrena itzulia egin ostean, Lege Zaharren enparantzan egingo dute ekitaldi nagusia.

Bertan, usadioari jarraituz, Meltxor, Gaspar eta Baltasarrek ohiko bertsoak kantatuko dizkiote Jesus haurtxoari, urrea, mirra eta intsentsua eskaintzearekin batera. Ondoren, plazara bertaratzen diren haur nahiz heldu guztiak agurtuko dituzte.