Magiaz, kolorez eta ilusioz bete dituzte Erregeek Zarauzko kaleak

Juan Luis Romatet 2023ko urt. 5a, 21:30

Herriko kaleak jendez gainezka izan dira arratsaldean. Denek, haurrek zein helduek, Errege Magoek ekartzen duten lilularen lekuko izan nahi izan dute.

Errege Magoek bisita egin dute arratsalde partean Zarautzera. Urduritasunez betetako gaua izango da datorren hau haur askorentzako, eta horren atarian Erregeek egin duten desfilearen lekuko izan dira. Magia, lilura, kolorea, musika, ilusioa, gozokiak... Erregeen kabalkadarekin lotutako hitzak izan ohi dira, eta gaurkoan ere ez dira falta izango.

Zaldien gainean egin dute Meltxorrek, Kasparrek eta Baltasarrek desfilea eta, hotzari aurre eginda, zarauztarrek erruz bete dituzten kaleak zeharkatu dituzte Lege Zaharren Enparantzara heldu eta Jaiotzean eskaintza egin arte.