EAk "fede txarrez" aritzea leporatu die Twitter kontuak itxi dizkietela salatu duten kritikoei

Jabi Gonzalez Toston 2023ko urt. 6a, 14:15
Eba Blanco EAko idazkari nagusia, artxiboko irudian. (EA)

Ohar bidez erantzun die alderdiko zuzendaritzak eta "intoxikazio eta manipulazio politikorako kanpaina" antolatzea egotzi die.

Eusko Alkartasunaren zuzendaritzaren eta ildo kritikoaren arteko gatazka politikoak zeresana ematen jarraitzen du. Alderdiko hainbat kidek, tartean Mikel Goenaga zarauztarrak, aste honetan salatu dute Twitter kontu pribatuak itxi dizkietela, eta iradoki dute horren atzean EAko zuzendaritza dagoela. Horrez gain, Zarauzko eta Azpeitiko EAren Twitter kontuak itxi dituztela ere badiote. Gertatutakoa salatzeko prentsaurrekoa eman zuten atzo Donostian, eta bertan zuzendaritzari eskatu zioten ziurtagiri bat igor diezaiola aipatutako sare sozialari, batetik, argitzeko alderdia ez dagoela kritikoen kontuen aurka, eta, bestetik, eskatzeko itxi dituen kritikoen kontuak atzera aktibatzeko.

Bada, EAko zuzendaritzak ohar bidez erantzun die faltsua dela Zarauzko eta Azpeitiko kontuak orain itxi izana eta "fede txarreko ekintza" dela 2022ko martxokoak diren itxierak une honetan salatzea, "guztiz garaiz kanpo". Hori dela eta, alderdiak gaitzetsi du "intoxikazio eta manipulazio politikorako kanpaina" dela honakoa eta kritikoei egotzi die ardura: "Alderdiaren barne organoen akordio demokratikoak bere gain hartzen ez dituzten pertsona-talde batek antolatu du, eta, bide legitimoetatik kanpo mugituz, alderdiaren irudia eta ordezkaritza aldez edo moldez kudeatu nahi du".

Horren harira, EAk dio alderdiaren Zuzendaritza Nazionalari dagokiola EA marka osoa erabiltzearen eta baimentzearen arduradun bakarra, eta, ondorioz, Azpeitiko eta Zarauzko kontuen itxierak salatu dituztenek ez dutela "inolako zilegitasunik eta legezko gaitasunik kontu korporatiboen gaineko inolako eskubiderik beraientzat hartzeko".

Twitterrek bertan behera utzi dituen ildo kritikoko kideen kontu pribatuez ere mintzatu da alderdiko zuzendaritza oharrean. Zentzu horretan, esan du sare sozialaren jabea den konpainiak hartu duela kontuak ixteko erabakia "bere erabilera eta baldintzetan" oinarrituta.

Erlazionatuak