Jose Ignacio Iruretagoiena gogoan izango dute astelehenean, haren erailketaren 25. urteurrenean

Onintza Lete Arrieta 2023ko urt. 7a, 09:00
Artxiboko irudian, Jose Ignacio Iruretagoienari egindako omenaldi bat.

Iruretagoiena Zarauzko Udaleko PPko zinegotzia zen ETAk hil zuenean, 1998ko urtarrilaren 9an. Egun horretan bertan oroituko dute, udaletxean egingo duten ekitaldian. Garai hartako eta oraingo udal ordezkariak elkartuko dira bertan.

Astelehenean beteko dira 25 urte ETAk Jose Ignacio Iruretagoiena Zarauzko Udaleko PPko zinegotzia hil zuela. Autoan bonba lapa jarrita erail zuen, 1998ko urtarrilaren 9an. Lanera zihoala eztanda egin zuen autoak, Zarautzen bertan.

Mende laurdena igaro da, eta udaletxean ekitaldia eginez omenduko dute Iruretagoiena, udalak jakitera eman duenez. Orduko eta oraingo udal ordezkariak elkartuko dira bertan, 19:00etan.

2018an bete ziren hogei urte politikari zarauztarra erail zutela, eta orduan ere omenaldi beroa jaso zuen udaletxean. Plaka ere jarri zuten udalbatzar aretoan, haren oroimenez. Udal ordezkariek, alderdikideek eta senitartekoek parte hartu zuten ekitaldi hartan, baita herritarrek ere, eta goraino bete zen udalbatzar aretoa.