Mende laurdena bete da ETAk Jose Ignacio Iruretagoiena Zarauzko Udaleko zinegotzi popularra zena hil zuenetik. Data seinalatua baliatuta hainbat ekitaldi egingo dituzte gaur Iruretagoiena gogoratzeko eta alderdikideek goizean egin diotena izan da lehenengoa. Hala, Euskadiko PPko dozena bat ordezkari bildu dira Arrosategi parkean egin duten lore eskaintzan eta minutuko isilunea ere gorde dute haren omenez.
Carlos Iturgaiz Euskadiko PPko buruak gidatu du ekitaldia eta Espainiako gobernuaren aurka egin du bertaratu diren hedabideen aurrean. Muriel Larrea Gipuzkoako PPko presidenteak ere hartu du hitza omenaldian eta gogoratu du "bere denbora librean zarauztarrei tarte bat eskaini nahi izan zien langilea" zela Iruretagoiena.
"PPko zinegotzi gisa hautatua izateak ekarri zuen bere hilketa, bere ideiak eta egiteko modua partekatzen ez zituztenen aldetik", gaineratu du Larreak. Horrekin batera, familiari eragindako mina deitoratu du, "seme txikienari, bereziki, ezin izan duelako aitaren oroitzapenik izan".